Estatu krimenen ikerketa ez oztopatzeko eskatu dio Maixabel Lasak PSOEri

ETAk hildako Juan Mari Jauregi oroitu zuten atzo Legorretan, hilketaren 21. urteurrenean, eta haren alargunak hitza hartu zuen ekitaldian

Maixabel Lasa, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eginiko ekitaldian. JUAN HERRERO / EFE.
Edu Lartzanguren.
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Juan Mari Jauregi Gipuzkoako Gobernadore zibil izandakoa hil zuen ETAk Tolosan (Gipuzkoa) 2000. urteko uztailaren 29an. Heriotzaren 21. urteurrena gogoratzeko, hainbat lagun bildu ziren atzo goizean haren jaioterri Legorretan (Gipuzkoa), Jauregiren alargun Maixabel Lasa buru. Ekitaldian mintzatu zen Lasa, eta, besteak beste, estatu krimenen ikerketa ez oztopatzeko eskatu zion PSOE alderdiaren zuzendaritzari.

Jauregiren soslai bat egin zuen Lasak, «bizitza osoan giza eskubideen alde lan egindako gizon bat» izan zela adieraziz. Esan zuen Gipuzkoako gobernadore zibila izan zenean —1994tik 1996ra— egindako lana horren adibide izan zela. ETAko kideak atxilotzen eta epaileen aurrera eramaten saiatu zela nabarmendu zuen, baina gogoratu zuen giza eskubideen urraketak gertatzen ziren lekuetan ere aritu zela horiek salatzen. Guardia Zibilak Intxaurrondon (Donostia) duen kuartela jarri zuen adibide gisa, eta han «gauza oso larriak» gertatu zirela adierazi. Gogoratu zuenez, Lasa eta Zabala auzian Galindoren eta haren ingurukoen aurka deklaratu zuen Jauregik Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ordu hartan PSOE alderdiko kide batzuek «ziurrenera ez zuten begi onez ikusi» Jauregi alderdikideak eginikoa, Lasaren arabera.

«Garai hartan, Juan Mari oso ausarta izan zen», esan zuen Lasak, eta gaineratu zuen gustatuko litzaiokeela PSOE ere hura bezain ausarta izatea eta oraindik azaldu gabe dauden hainbat tortura kasu eta hilketa argitzea: «Espero dut datorren urtean hemen biltzen garenean honetaz berriz hitz egiteko beharrik ez izatea, nire ustez ordua baita gauza horiek argitzeko».

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere Jauregiren omenezko ekitaldia egin zuten ordezkari politikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.