Atzo 36 urte bete ziren Santi Brouard Herri Batasuneko legebiltzarkidea hil zutela, eta 31, berriz, Josu Muguruza alderdi bereko diputatua hil zutela, biak tiroz. Urtero bezala, omenaldia egin zieten Bilbon, Egiari Zor fundazioak deituta. Lore eskaintzaren ondotik, ekitaldia egin zuten Errekalde plazan, eta Ane Muguruza Josu Muguruzaren alabak eta Egiari Zor fundazioko kideak estatu indarkeriaren biktimak izan zituen gogoan. Izan ere, Muguruzak salatu zuen ez zaiela «aitortu» egindako mina; gaitzetsi zuen alde batek «konpondu gabeko gatazka politiko baten existentzia ukatzen duen kontakizun bat inposatu» nahi duela, «proiektu politiko zehatz bati zilegitasuna kentzeko», zeinarengatik hil baitzituzten Muguruza eta Brouard.
Muguruzak ohartarazi du «sektore politiko eta instituzional batzuek» eskatzen duten «biktimekiko enpatia» dela hain justu estatuaren indarkeriaren biktimek jasotzen ez dutena: «Mingarria eta ulertezina zait, gerra zikinarekin zerikusia izateagatik zigortutako kargu publikoak izan dituen alderdi bereko kide izanik, buruzagi batek jendaurrean esatea GALen biktimek ez dutela behar Felipe Gonzalezek gerra zikinean izan zuen papera argitzeko ikerketa batzorderik». Muguruzaren hitzetan, «bizikidetza demokratikoa» eraikitzeko«gatazkaren ondorioak gainditzea» ez ezik, «ezinbestekoa» da «gatazka sortu zuten arrazoiak ere konpontzea».
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Bizikidetzaren idazkari Jose Antonio Rodriguez Ranz atzoko ekitaldian izan zen, baita Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea, Elkarrekin Podemoseko hainbat kide eta Foro Sozialeko ordezkariak ere. Sortuk, halaber, manifestazioa egin zuen atzo iluntzean Bilbon, Herriari emanak gara lelopean.
Estatu indarkeriaren biktimak aitortzeko eskea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu