«Gogoetak egiteko tokia, galderak egingo dizkigun tokia». Halaxe definitu du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Gogora institutuak Bilbon egingo duen erakustokia. Egoitza duen eraikineko patioan jarriko dute gunea, eta Federico Soriano arkitektoak garatu du proiektua. «Gure herriak pairatu dituen bortizkeria mota guztiak egongo dira presente», azaldu du sailburuak.
Erakustokiak biktimengan ipiniko du arreta, eta hainbat bortizkeria ekarriko ditu gogora. Sei atal izango dituela aurreratu dute arduradunek. 36ko gerrako eta diktadura sasoiko bortizkeriari buruzkoa izango da bata, ETAren biktimei eskainitakoa beste bat, eta beste gune banatan aintzat hartuko ditu talde ultraeskuindarren biktimak eta Poliziaren bortizkeriaren biktimak ere. «Erresistentzia demokratikoaren memoria» landuko du beste ataletako batek, eta gune propioa izango du «konpromiso zibikoaren memoriak».
Ez da kritika bat
Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren sailburuordeak esan duenez, Gogora-ren proiektua ez da «erreakzio bat». Gasteizko Biktimen Oroimenezko Zentroa hizpide hartuta eman du iritzia, eta, azaldu duenez, institutuaren asmoa ez da «inolaz ere» Espainiako Gobernuak zabaldutako proiektua kritikatzea. Rodriguez Ranzek, hitzez hitz: «Konfrontaziorik ez, baizik elkarlana».
Artolazabalek esan du erakustoki hori elkarlanean arituko dela Gogora institutuaren beste egitasmo batzuekin, «etorkizuneko» Gasteizeko Martxoak 3 oroimenezkoarekin, eta berrituko den Gernikako bonbardaketaren museoarekin, besteak beste.
Erronka arkitektonikoa
Sei proiektu aurkeztu dira, guztira, institutuak abian jarritako lehiaketara, eta Federico Soriano arkitektoaren Gogoak hedatuz izan da garaile. Erakustokia eraikinaren patioan txertatzea erronka arkitektoniko bat izango dela adierazi du Sorianok, egitura arin bat egin beharko baitute eraikinaren ezaugarrietara moldatzeko.
Eusko Jaurlaritzako ordezkarien hitzetan, erakustokiarekin «memoriaren pedagogiak» erreferentziazko leku berezi bat izango du Bilbon.