«Ezin dugu jarraitu Euskal Herria estaturik gabeko naziotzat jotzen; nork bere xehetasunekin, euskal lurralde guztiek dauzkate estatu instituzio propioak, komunitate politiko ezberdindu bat eta euskal demokratizazio prozesu bat ahalbidetzen duen autogobernu mugatu bat». Esaldia Jon Azkune Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako ikerlari eta irakaslearena da (Santurtzi, Bizkaia, 1988), eta Sortuk eta Iratzar fundazioak plazaratzen duten Erria aldizkariaren laugarren zenbakian jaso du. Haren iritziz, «zuzenagoa» da «estatu subalternoez» mintzatzea.
Azkunek artikulu bat idatzi du Erria-ren azken zenbakian, Hitz egin al dezakete estatu subalternoek? izenburupean, eta bertan landu du gaia. Zer dago estatu subalternoaren ideiaren atzean eta kontzeptu batetik besterako jauziaren artean?: «Azken 10-20 urteetan egon den subiranismoaren bilakaera», azaldu dio BERRIAri: «Egon da planteamendu historiko bat: nazio bat gara, autodeterminazio eskubidea dugu, eta estatu bat izan nahi dugu. Baina gaur egun estaturik gabeko nazio gehienek estatu egiturak dituzte de facto; garatuagoak edo mugatuagoak. Katalunia, Eskozia... autogobernu erakundeak dituzte».
Funtsean, Azkunek artikuluaren bidez adierazi nahi duen asmoa da «nazionalista-ez nazionalista dikotomia haustea. Aldarrikapen sozialak ez dira adostasun unibertsal batean gertatzen: atzean beti dago nazio bat».
Haren hitzetan, naziorik gabeko estatu askok estatu erakundeak dituzte, eta horien bidez indartu dira komunitate politikoberriak: «Eragile sozialak, alderdiak, gizarte mugimenduak, sindikatuak, enpresarien elkarteak... Erreferentziazko beste gune bat sortzen da, eta, denbora aurrera joan ahala, ikusten da mugatua dela zure komunitate politikoak planteatzen dizkizun erronka eta beharrei erantzuteko».
Hor datza subalternitatearen ideia, izenburuko galderari erantzuten diona: «Estatu subalternoek era mugatuan hitz egin dezakete. Zeozer esan dezakete; bestela, ez lirateke existituko. Baina hori da egungo gatazken gakoa, ez naziorik gabeko estatu batek estatu bat behar duela: hemen demokratizazio prozesu mugatu bat egon da. Prozesu hori garatzeko, baliabideak behar dira, estatu gaitasunak. Hori da egungo burujabetza eskaeren gakoa». Eta gaitasun horiek gero eta mugatuago ikusten ditu Azkunek: «Estatua erlazio sozial bat da; dinamika politikoaren barruan zaude, era dialektikoan harremanean».
Iaz aurkeztutako tesian, «hierarkiaren itzalpeko deszentralizazioaz» mintzo zen: «Subalternoa zara beti giltza beste batek duelako, eta erabaki dezake giltza horrekin zer ate itxi». Horri lotuta ikusten ditu Espainiako Estatuaren hainbat neurri: «Birzentralizazio prozesua, estatuaren legeria propioaren bidez besteena indargabetzea, estatutua eguna jarri gabe garatu gabe uztea... Hori azken 40 urteetako joera izan da».
Subalternitateaz hitz egiteko, beste elementu bati ere erreparatu dio Azkunek: krisi ekonomikoaren ondorioei. «Krisiaren kudeaketari aurre egiteko, mundu mailako joera bat dago: botere exekutiboek gero eta pisu gehiago hartu dute. Botere metatze bat dakar horrek: Espainiako Gobernua indartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren subalternitatea are gehiago handitzea. Krisiaren kudeaketak eragin du estatu subalternoen gaitasuna are gehiago murriztea».
Burujabetzaren bilakaera
Beste pentsamendu ildo batzuek, ordea, zalantzan jartzen dute estatuaren aldarria, iritzita gaur egun ez dagoela erabateko burujabetzarik eta, testuinguru globalean, burujabetzak partekatuak direla. Azkune ez dator bat: «XIX. mendeko edo fordismo garaiko estatu eredua desagertu da, baina estatua bera, ez: moldatu da bere garaiaren testuingurura». Erantsi du «gezurra» dela subiranotasuna existitzen ez denik: «Burujabetza harreman sozial bat da, herriaren autogobernua era demokratikoan arautzen duen erlazio soziala. Eta harreman horrek estatu egiturak behar ditu, gaitasun politikoa, herritarren mandatuari erantzuteko».
1979ko estatutuari buruzko kontakizun nagusia ere auzitan jarri du Azkunek; horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak autonomia eskuratu zuten elite politikoen arteko akordio eskuzabal baten bitartez. Kritikoa da ikuspegi horrekin: «Aurrerapausoak eta hobekuntzak gatazkaren ondorioz lortu izan dira, eta kasu horretan ere bai: Euskal Herria galtzaile izan denean, eskumenak eta gaitasunak galdu ditu. Aurrerapausoak egon direnean, egon dira indar harreman bat eta gatazka soziala zeudelako». 1979ko testuingurua «aurreiraultzailetzat» dauka, eta uste du autonomia eskuratu izanak horri erantzuten diola.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politikoari buruzko gaur egungo eztabaida ere parametro horretan kokatu du, duela 40 urteko testuingurua eta oraingoa alderaezinak iruditu arren: «Euskal Herrian ez dago mobilizazio ziklo erraldoi bat, baina bai Katalunian. Madrilen gobernu bat osatuko balitz eta luzera begira jokatuko balu, egoera baliatu lezake euskal estatutu txukun bat egin eta Kataluniari eskaintzeko».
Estatu gabeko naziotik estatu subalternora
Jon Azkune EHUko irakasleak esan du euskal lurraldeek «estatu egiturak dituztela baina «gero eta mugatuago» daudela. Besteak beste, krisiaren ondorioei erreparatu die: «Boterea metatu da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu