ESS-Bilbaorekin «kezkatuta» dago Jaurlaritza

Uriarte Hezkuntza sailburuak adierazi du zalantzak dituztela Teknologia Neutronikoen Zentroaren bideragarritasunarekin

mikel rodriguez
2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak kritikatu du ESS-Bilbao ez dela betetzen ari ezarritako helburuak, bertzeak bertze, EHUrekin duen lotura «oso txikia» delako, «hutsala ez esatearren». Elkarrekin Podemosek eta PPk Zamudioko (Bizkaia) Teknologia Neutronikoen Zentroari buruz galdetu zioten atzo legebiltzarrean. Espainiako Gobernuak hemezortzi milioi euroko kreditu bat onartu du zentroarentzat, baina Uriartek atzo erran zuen kreditu hori «zorpetzeko baimen bat» dela, eta ez finantzaketarako bideratutako dirua. Jaurlaritza «kezkatuta» dago ESS-Bilbao proiektuaren bideragarritasunarekin.

Europako egitasmo zientifiko garrantzitsuenetako bat da espalazio bidezko neutroi iturria. 2009an, Europako Batasuneko Ikerketa ministroek zentroa Suediako Lund hirian eraikitzea erabaki zuten, eta Bilbori eman zioten bigarren egoitza eraikitzeko ardura —Zamudion ezarri zuten—. Proiektua, ordea, ez aitzinera eta ez gibelera gelditu da. Uriarteren arabera, Espainiako Gobernuak onartutakoak Jaurlaritzaren baimena behar du.

Joan den hilabetean, enpresa batzordeak salatu zuen 2012az geroztik ESS-Bilbaok ez duela finantzaketa publikorik jaso, eta Jaurlaritzari leporatu zioten proiektua «hiltzen uztea». Batzordearen arabera, zuzendaritzak jakinarazi zien proiektuak 2017rako ordainketak egiteko dirua duela, baina ez gehiagorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.