ESS-Bilbao egokitu dute, hasierako xedeak «ezin iritsizkoak» zirelakoan

Ez da izango Lundeko neutroi iturriaren bigarren egoitza, «ikerketa zentro independentea» baizik

Erakundeetako ordezkariak, ESS-Bilbaok Zamudioko parke teknologikoan duen egoitzan, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Maite Asensio Lozano.
Zamudio
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
ESS-Bilbao proiektua «birdimentsionatu» egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. 2009an ezarritako helburuak «ezin iritsizkoak» zirela onartu zuten atzo Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak eta Carmen Vela Ikerketarako estatu idazkariak, partzuergoak Zamudioko teknologia parkean (Bizkaia) dituen instalazioetan eginiko agerraldi batean. «Gauzatzeko moduko» egitasmo bat aurkeztu zuten: aurrerantzean, ESS-Bilbao ez da izango espalazio bidezko Europako neutroi iturriaren bigarren egoitza, «ikerketa zentro independentea» baizik.

Ia-ia abiatu berritan hasi zen ESS-Bilbaoren puxika airea galtzen. Europako egitasmo zientifiko garrantzitsuenetako bat Bizkaira ekartzeko borroka galdu zuen partzuergoak 2009ko maiatzean: Suediako Lund hirian garatuko dute neutroi iturria. PSE-EE zegoen Gasteizko gobernuan, eta PSOE Madrilgoan. Kontsolamendu sari gisara, bigarren egoitza ekarri zuten: EHUren Leioako campusean, zentroaren lehen harria jarri zuten urte amaieran, baina bigarrenik ez dute jarri, finantzaketa arazoak direla medio. Edonola ere, ikerketa lanak abiatu zituzten, baina zentroa kolokan geratu zen iazko abuztuan, zuzendari exekutiboa eta zientifikoa kaleratu zituztenean.

«Proiektua berriz aztertu eta beste bultzada bat emateko» beharraz mintzatu zen orduan partzuergoa, eta horretan aritu dira azken hilabeteetan, Tapiaren hitzetan: «Aro berri bati ekingo diogu. Irtenbide finko, sendo eta epe luzekoa eman diogu». Horren seinale, zuzendaritza berria hautatu dute: Pedro Jose Gonzalez izango da zuzendari teknologikoa, eta Jose Luis Martinez Peña zuzendari exekutiboa. «Birdimentsionatzeak ez du esan nahi murriztea, baizik eta egiten dakiguna ondo egitea», esan du Velak.

ESS-Lundekiko «harreman esparru berrian» datza aldaketa nagusia. Suediako zentroarekin elkarlanean jardungo da Bilbokoa: azeleragailua eraikitzeko hasierako asmoari uko egin dio —besteak beste, garestia delako—, baina hango azeleragailurako piezak eta sistemak egingo ditu. Prozesu horretan leku pribilegiatua izango du ESS-Bilbaok, Velak azaldu duenez: «Ia mila lan pakete izango ditu Lundeko proiektuak. Suediako Gobernuarekin hitzarmena sinatzen lehena izan da Espainiakoa, eta horrek nolabaiteko abantaila eman digu lan pakete interesgarrienak lortzeko, eduki teknologiko, garapen eta etorkizun gehien dutenak».

Tapiak gaineratu du tentuz hautatu beharko dutela zein pakete hartu. «Balio estrategiko erantsia» eskaini beharko dutela zehaztu du Martinez Peñak: «Demagun auto bateko piezak egiteko eskatzen digutela, eta guk frenoaren diskoa egiten dakigula; hori lan pakete bat izan daiteke, baina guk gehiago eskaini nahiko genuke: frenoaren diskoa ez ezik, balazta sistema osoa, probatuta eta erabiltzeko prest. Horrek bide emango liguke probetarako banku bat edukitzeko, eta aurrerago ere erabili ahal izateko».

Lundentzako lanek «ezagutza eta trebakuntza» ekarriko dutela nabarmendu dute, eta egun 55 lagunek osatutako lantaldea handituko dela ziurtatu. Baikor mintzatu da Tapia: «Berrikuntzan lider izatera eraman gaitzake proiektuak». Ikerketa zentroan non kokatuko duten, ordea, ez dute zehaztu; egun, sei lekutan banatuta daude langileak, eta egoitza bateratzeko asmoa agertu du Martinez Peñak.

Baina Lunden parte hartzeaz haratago doa ESS-Bilbao egitasmo berria, Velaren arabera: «Bere ingurunean integratutako ikerketa zentroa izan behar du, hurbileko zein urruneko unibertsitate eta enpresekin elkarlanean». Izan ere, ESS-Bilbaok jarraipena izango du 2022an, Lundeko neutroi iturria amaitu ostean: «Hemen egingo dugun lanak oso leku onean jarriko gaitu, etorkizunera begira».

Gainera, hango instalazioak erabiltzeko ahalmenari eutsiko diote hemengo zientzialariek, Gasteizen eta Madrilen diru ekarpena 2009an ezarritakoa baino txikiagoa izango den arren: %10etik %5era jaitsi dute, hura ere «ez zelako proportzionala», Tapiaren arabera. 180 milioi euroren ordez, 90 jarriko dituzte bi gobernuek, erdi bana, Suediako zentroaren 1.800 euroko aurrekontuan —Europako hamazazpi herrialdek finantzatuko dute—.

Zelaa, haserre

PSEko hezkuntza idazkari Isabel Zelaa ez da bat etorri proiektu berriarekin. Egitasmoa «ekonomikoki eta politikoki» ez sostengatzea leporatu die gobernuei Hezkuntza sailburu ohiak, eta komunitate zientifikoa gutxiestea egotzi dio Tapiari: «Inork esan al zuen ezin genuela Guggenheimik egin? Orain Tapiak dio esparru zientifikoan ezin dugula Ferraririk egin, aeronautikan puntako enpresak ditugun arren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.