M-8

«Esplotazioan oinarritutako zaintza eredua» iraultzera deitu du mugimendu feministak

Euskal Herriko Mugimendu Feministak iragarri du hiriburu, herri eta auzoetan mobilizazioak antolatu dituztela Martxoaren 8rako.

(ID_13667737) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-03-04, Iruñea. Mugimendu Feministak agerraldia Martxoaren 8ko mobilizazioak aurkezteko
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia, gaur, Iruñeko Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko martxoaren 4a
13:30
Entzun

Iazko greba feminista orokorraren haizeak mugituko du aurtengo Martxoaren 8aren errota. Orduko aldarrikapen eta eskaerei eutsiko die Euskal Herriko Mugimendu Feministak; batez ere, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldekoa. «Hiru hilabete inguru igaro dira azaroaren 30eko greba egun historiko hartatik; ez ziren gutxi izan azaroaren 30ean kalera ateratzeko genituen arrazoiak, eta martxoaren 8an ere, bide beretik jarraituko dugu», azaldu dute feministek, Iruñeko Gazteluko plazan eginiko agerraldian. Gure bizitzekin negoziorik ez! lelopean eginen dituzte aurtengo mobilizazioak.

Urtero bezala, Euskal Herriko herri eta auzo gehienetan antolatu dituzte protestak eta mobilizazioak, eta manifestazio nagusiak hiriburuetan eginen dituzte: Bilbon, 19:00etan Jesusen Bihotzetik abiatuta; Iruñean, 19:00etan Antoniutti parketik; Gasteizen, 18:00etan San Anton plazatik; Baionan, 18:00etan Herriko Etxeko plazatik; eta Donostian, 18:30ean Antiguako tuneletik. Deialdiaren nondik norakoak azaldu dituzte Elene Lopetegik, euskaraz, eta Maite Irazabalek eta Maite Mourek, gaztelaniaz.

Mugimendu feministak xede nagusitzat dauka emakumeen «lan indarra esplotatzen duen sistema heteropatriarkalari aurre egitea», hainbat esparrutan: «Etxean, enpleguan eta baita dohainik eta aitortu gabe egiten ditugun zaintza lanetan ere. Horrek zuzenean kondenatzen gaitu prekaritatera eta etengabeko zapalkuntzan bizitzera». Azaldu dutenez, soldata arrakala eta pentsio apalak «icebergaren punta» baino ez dira, «sexuaren araberako lan banaketa betikotzen» duen sistema batean: «Lan feminizatuetan harrapatuta gaude, baldintza prekarioetan, eta aitortu gabeko zaintza lanak egiten ditugu».

Izan ere, egungo zaintza sistema «pribatizatuta» egoteaz gain, «guztiz familiarista» dela salatu dute feministek: «Hau da, familietan eta, beraz, emakumeon bizkar gainean jartzen da lan hori. Batez ere, emakume migratzaileen bizkar, XXI. mendeko esplotazio lazgarrienetakoa bizi dutenen bizkar. Horietako askok etxeko langile egoiliar gisara jarduten dute egunean 24 orduz, astean zazpi egunez. Hori onartezina da».

Sistema hori errotik erauzte aldera, politika eraginkorrak galdegin ditu mugimendu feministak, eta gogor kritikatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zaintza ituna. «Ahoa hitz politez bete dute,  eta saiatzen ari dira gure diskurtsoaz jabetzen, baina guk argi diogu itun horrek ez digula ezertarako balio ez bada publifikazioaz hitz egiten, ez baldin bada pribatizazioaren aurka hitz egiten edo ez baldin bada atzerritartasun legea deuseztatzeaz hitz egiten». Nafarroako egoerari erreparatuz, beste horrenbeste esan dute: «Ez dugu itunik nahi hori betetzeko aurrekonturik eta plan zehatzik gabe».

Elkartasuna Palestinari

Gaurko agerraldian, palestinar herriari ere elkartasuna adierazi diote Lopetegik, Irazabalek eta Mourek: «Badakigu emakumeen gorputzak direla lehen konkista lurraldeak; beraz, Euskal Herritik elkartasun eta maitasun osoa palestinar herriari eta, gaurko egunean, bereziki emakume palestinarrei». Era berean, gogoan izan dituzte Europara datozen migratzaileak, «Atzerritartasun Legearen ondorioz, askotariko indarkerien aurrean erabat zaurgarri» daudelako.

Azkenik, aipamena egin diete «indarkeria matxistaren ondorioz eraildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume eta neskato guztiak». Esan dute emakumeen aurkako indarkeria sistemikoak «genero eta botere desorekak betikotzen» dituela, egitura sozial, politiko eta ekonomikoen bidez. «Egun, emakumeok oraindik ere askotariko indarkeriak jasaten ditugu egunero: fisikoa, ekonomikoa, sinbolikoa, instituzionala... Horri aurre egiteko, aldaketa kultural eta instituzional sakonak behar ditugu». Zehazki, «justizia feminista» aldarrikatu dute horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.