Zaballako (Araba) espetxeko ateak zeharkatu dituzte Oihan Arnanzek, Adur Ramirez de Aldak eta Jokin Unamunok. Hirugarren graduan dira gaurtik, eta, izango dituzten espetxe onuren artean, kartzelatik atera ahal izango dira. Gaur dute lehen eguna, eta 09:15 aldera irten dira Zaballako espetxetik. Han, zain zituzten senide eta lagunak. 2016ko azaroan atxilotu zituzten Altsasuko (Nafarroa) beste zenbait lagunekin batera.
Semeak besarkatu ostean, Koldo Arnanzek eta Antton Ramirez de Aldak, Oihan eta Adurren aitek, adierazpenak egin dituzte. «Atzotik hodei batean gaude, gau oso luzea izan da guretzat, hiru urte eta erdi luze pasatu ditugu itxoiten», nabarmendu du Koldo Arnanzek. Hiru gazteak «ingurura eta mendiei» begira atera direla azaldu du. «Hainbeste denbora barruan pasatu dute... Lapurtu dieten espazioa bete behar dute orain».
Suziriekin agurtu dituzte lagunek, herrira sartu direnean.
ZUEK BAI ZARETELA ONGI ETORRIAK! AUPA ALTSASU!! pic.twitter.com/HEA6TMM9Wr
— Konspirakzioa is coming (@Etxekogoiko) July 3, 2020
Gradu aldaketa atzo jakinarazi zieten espetxeko funtzionarioek. Urtarrilean sailkatu zituzten gazte haietako bost bigarren graduan, eta horien artean zeuden orain hirugarren gradua eskuratu dutenak. Hiru horiek dira espetxean egun gehien daramaten Altsasuko gazteak..«Pozik eurak eta pozik gu», laburbildu du Antton Ramirez de Aldak. Altsasuko gazteen omenez sortu den abestiaren hitzak gogoan, «txarrenari onena» ateratzen ikasi dutela azaldu du, eta argi du gaurkoan zer izango: den onena «Onena izango da haiekin egotea eta disfrutatzea. Egun berezia bizi izateko eta gogoratzeko beste biak hor jarraitzen dutela»
Cob eta Goikoetxea gogoan
Hain zuzen ere, bi aitek gogoan izan dituzte Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea, zeinak espetxean diren iazko ekainaren 1etik. «Espero dugu lehenbailehen ateratzea barruan geratzen direnak, Jonan eta Julen», esan du Koldo Arnanzek. Gaur, ostiralero legez, 20:00etan elkarretaratzea egingo dute Altsasun, gazte guztien behin betiko askatasuna eskatzeko.
Gogora ekarri dute hiru gazteak zein iragan baimendutik hirugarren graduan diren Iñaki Abad eta Aratz Urruzola ez daudela oraindik guztiz aske. Baimenek arindua eman badiote ere, ezin dute normaltasuna guztiz berreskuratu. «Oraindik ez da bukatu amesgaizto hau», adierazi du Koldo Arnanzek horregatik. «Jarraituko dugu benetako askatasuna lortu arte», gaineratu du Antton Ramirez de Aldak.
Altsasuko auziko beste bi gazteei, Iñaki Abadi eta Aratz Urrizolari, Eguberrien aurretik ezarri zieten hirugarren gradua, eta, ordutik, espetxetik kanpo igarotzen dituzte eguna eta asteburuak. Horiek izan ziren, hain zuzen, espetxe zigor txikienak: hiru urte eta erdikoa Abadek, eta lau urte eta bi hilabetekoa Urrizolak. Gainontzekoek zigor handiagoak izan zituzten: Oihan Arnanzek bederatzi urte eta erdi, Ramirez de Aldak eta Unamunok zortzi urte eta erdi, eta Jon Ander Cobek eta Julen Goikoetxeak zazpi urte eta erdi.
Altsasun bertan elkarretaratze bat egingo dute ostiral honetan, 20:00etan.
1.326 egun preso
Hiru urte eta ia hamar hilabete pasatu dira gazteentzat eta haien familientzat amesgaiztoa hasi zenetik. 2016ko urriaren 15eko goizaldean Koxka tabernaren inguruetan izandako liskarrek bizitza betiko aldatu zieten. Terrorismo delitua egotzita, Auzitegi Nazionalak bere gain hartu zuen instrukzioa, eta urte hartako azaroaren 14an atxilotu zituen Altsasuko zortzi gazte. Hilabete baten buruan lau gazte aske utzi bazituen ere, ordutik preso daude Arnanz, Ramirez de Alda eta Unamuno.
Iazko apirilean, epaiketa egin zuten Auzitegi Nazionalean, eta ekainaren 1ean 79 urteko espetxe zigorra ezarri zieten, guztira, zortzi gazteei —bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak—. Epai haren ondotik, espetxeratu egin zituzten Abad, Cob, Goikoetxea eta Urrizola.
Martxoan, Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak berretsi egin zuen lehen epai hura; urrian, berriz, Auzitegi Gorenak espetxeratuei zigorra murriztu zien —hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi artean—, ez baitzuen arrazoirik ikusi ideologiagatiko astungarriak ezartzeko.
Berria jakin eta gero, Nafarroako EH Bilduk nabarmendu du «albiste ona» dela, baina ez dela «justizia eginen» Altsasuko gazteak kalean izan arte.