Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du duela hiru urteAuzitegi Nazionalak agindua eman zuela zazpi euskal gazte independentista legez kanpo atxilotu eta espetxeratzeko. Segi erakundearekin lotutako auzi batean, 2015eko maiatzean, Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Aretoak 28 epaituetatik zazpi zigortu zituen —Marina Sagastizabal, Bergoi Madernaz, Aiala Zaldibar, Igarki Robles, Xabat Moran, Ibon Esteban eta Ainhoa Villaverde—, eta seina urteko espetxea ezarri zien, baina, epaia artean irmoa ez izan arren, zazpiak atxilotzeko eta behin-behinean kartzelatzeko agindu zuen auzitegiak. Urte bereko azarora eta abendura arte preso egon ziren. Konstituzionalak, orain, irailaren 17ko epai batean, aintzat hartu du defentsaren babes helegitea, eta ez ditu ontzat jo atxiloketak eta espetxeratzeak.
Defentsa abokatuek ohar batean adierazi dute zazpi gazteak prest zeudela epaileen aurrera aurkezteko, eta ez zutela ihes egiteko asmorik. «Baina Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Aretoak, Angela Murillo magistratua buru zela, erabaki zuen ez errespetazea legezko prozedura eta prebentzioak». Zigortuen oinarrizko eskubideak eta bermeak urratzea egotzi diote epaimahaiari. Gainera, abokatuek diote epaiak ez zuela «inolako oinarri juridikorik».
Babes helegitea aztertuta, Goreneko fiskalak onartu egin zuen zigorrak murrizteko aukera zegoela, eta Alberto Jorge Barreiro epaileak 2015eko azaroaren 4an aztertu zuen kasua. Iker Urbina eta Jaione Karrera defentsa abokatuek zigorra bi gradu murrizteko eskatu zuten, akusazioak «larritasun eskasekoak» zirelako eta «indarkeriarik gabeko» egitateak leporatzen zizkietelako. Horrez gain, haien arabera, inkomunikazio aldian Poliziari egindako deklarazioak izan ziren gazteak zigortzeko erabilitako frogak.Goreneko epaileak aske utzizituen Sagastizabal, Madernaz, Zaldibar, Robles eta Moran —egun berean atera ziren libre—, eta bina urteko espetxe zigorra ezarri zien Estebani eta Villaverderi —abenduan geratu ziren aske, zigorra osorik bete ondotik; auzian lehendik preso egonak ziren—.
«Konstituzionalak errefusatu egin ditu 4. Zigor Aretoaren jokabidea eta argudioak, legearen kontrakoak izateagatik eta askatasunerako oinarrizko eskubidea urratzeagatik», esan dute abokatuek, erabakiaren berri izan ostean. Aztertzen ari dira AuzitegiNazionalaren jokabide «irregularrak» eragindako «kalte larriagatik» erreklamazioa aurkeztu ala ez. «Kaltea konponezina da, bost lagun preso egon zirelako eta ez zutelako egon behar. Auzitegi Nazionalak, berriro, eta gaur egun egiten duen bezala, legea bihurritzea erabaki zuen».
Goreneko epaileak orain hiru urteko erabakian azaldu zuenez, beharrezkoa zen frogatzea auzipetuek, Segi erakundeko kide izate hutsaz gain, «indarkeria jarrerak» zituztela eta «kale borrokan» aritu zirela, edo «zuzendaritza edo ardura jarduerak» egiten zituztela Segiren barruan. Absolbitutako bost lagunen kasuan, ebatzi zuen ez zela horrelakorik frogatu.
2010eko urrian eta abenduan izandako bi polizia operazioetan atxilotu zituzten 28 gazte independentistak. Torturak salatu zituzten hemeretzik, eta 27 lagun preso eduki zituzten epaiketa hasi aurretik —hamaseina hilabetez, batez beste. 2014ko irailetik abendura izan zen epaiketa, Madrilen: aipatutako zazpiak zigortu egin zituzten, bederatzi absolbitu, eta auziko gainerako hamabiei epaiketan kendu egin zizkieten karguak. Segirekin lotutako beste auzi batean, absolbitu egin zituzten 40 auzipetuak.
Espetxeratze ilegalak, orain
Konstituzionalak ez ditu ontzat jo 'Segi auziko' duela hiru urteko atxilotze eta kartzelatze aginduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu