Espetxeratu ordez, Parisko ospitale batean erietxeratu dute Josu Urrutikoetxea

Haren gertukoek jakinarazi dute ebakuntza bat egitera zihoala atxilotu zuten unean. Martxa bat egin dute Ugaon, aska dezatela eskatzeko

Ehunka lagun batu ziren atzo arratsean Ugaon, Bizkaian, Josu Urrutikoetxea aske utz dezatela eskatzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi politikoa izandakoa espetxeratzeko agindu zuen ostiralean epaileak, baina, zabaldu bazen ere Parisko La Sante espetxera eraman zutela, erietxera eraman zuten kartzelatu beharrean. Urrutikoetxearen gertukoek BERRIAri baieztatu diotenez, Frantziako hiriburuko Hotel Dieu ospitalera eraman zuten ostiral iluntzean.

Ostegunean atxilotu zuten Urrutikoetxea, Frantziako Alpeetako Sallanches herrian. Herriko erietxeko aparkalekuan atzeman zuten, eta, haren senideek jakinarazi dutenez, ebakuntza bat egitera zihoan atxilotu zuten momentuan. Ostegunean bertan, atxilotua izan ondoren, ospitalera eraman zuten. Ostiralean, ordea, Parisko fiskalaren aurrera eraman zuten; hark eman zion atxilotze aginduaren berri, eta jakinarazi 2017an ezarritako zigor bat betetzeko atzeman dutela. Urte horretan, Parisko Auzitegiak Urrutikoetxea zortzi urtera zigortu zuen auzi ihesean, 2011-2013 urteetan ETAren egitura politikoan aritzea egotzita.

Fiskalaren ostean, epailearen aurretik igaro zen Urrutikoetxea, eta hark agindu zuen behin-behinean espetxeratzeko. Ostiral iluntzean, ordea, Hotel Dieura eraman zuten. Senideek ez dute eman haren osasunari buruzko xehetasunik. Ugaon (Bizkaia) jaio zen, 69 urte ditu, eta azken hamazazpiak igaro ditu klandestinitatean.

«Benetako bakerik» ez

Hain justu, Urrutikoetxearen sorterrian manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean, Sortuk deituta, hura aske utz dezatela eskatzeko. Euripean eta Bakea eta askatasuna irabaztera. Josu eta besteak askatu lelopean, ehunka lagun batu ziren mobilizazioan. 18:30 pasan abiatu zen martxa, herriko plazatik, eta, amaieran, Ibon Arbulu Bizkaiko arduradun politikoak hartu zuen hitza. Azpimarratu zuenez, Espainiako Estatuak badaki gizartean «gero eta partekatuago» dagoela «preso, iheslari eta deportaturik gabeko eszenatokia heldu arte Euskal Herrian ez dela inoiz benetako bakerik izango». Arbuluk erantsi zuen «gehiengo politiko eta sozial berri batzuk ehuntzen» ari direla «euskal herritarroi dagozkigun eskubide nazionalak eta sozialak eskuratzeko bidea azken bururaino eramateko».

Bestalde, AEGC Guardia Zibilen Espainiako Elkarteak jakinarazi du herri akusazio gisa aurkeztuko direla Urrutikoetxearen aurkako auzibidean, hura jotzen baitute erakundea zenaren «ideologotzat». Ohar batean, argudiatu dute herri akusazio izan nahi dutela «etorkizuneko zigorrean, gizarte osoa ordezkatua» egon dadin, eta osteguneko atxiloketak erakusten duela segurtasun indarrek ez diotela «sekula» utziko «50 urtez oinazea eta heriotza eragin zutenei jazartzeari». Zehazki, elkarteak nahi du Urrutikoetxea «gizateriaren kontrako krimenengatik» epaitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.