Agoizko 2. Epaitegiko epaileak behin-behineko espetxea ezarri dio larunbatean Uharten (Nafarroa) atxilotutako gizonari. Behin-behineko espetxea komunikatua eta bermerik gabea da. 11 eta 15 urteko zenbait neskari ukituak egitea egotzita atxilotu zuten gizona. Oraingoz bederatzik jarri dute salaketa. Jaietan da herria, eta jai eremuan gertatu ziren erasoak. Barraketako langilea da atxilotutakoa. Hainbat herritar erasoen lekuko izan ziren, eta haiek izan ziren Udaltzaingoari deitu ziotenak.
«Badago nahiko zantzu arrazoizko eta sendorik pentsatzeko erantzukizun kriminala izan zuela ikertzen ari diren gertaeretan», epailearen arabera. Leporatu dakiokeen delitua ere zein izan daitekeen zehaztu du: 16 urtetik beherako adingabeei sexu erasoa egitea. Bi eta sei urte arteko kartzela zigorra jaso dezake delitu horrengatik.
Orain arte egindako ikerketek erakutsi dute barraketako langileak «ukituak egin zizkiela hanketan, ipurdian edo bularretan». Gehitu du gizonak atrakzioaren barra blokeatu zuela, «[neskei] bertatik jaistea eragotziz».
Nabarmendu du jasotako lekukotzak bat datozela eta egiaztatu egiten dutela jasotako bertsioa. Behin-behineko espetxe zigorra ezarri dio, uste duelako arrisku handia dagoela gizonak ihes egiteko, eta baita delitua berriz egitekoa ere haren jokabidea ikusita. «Aintzat hartu behar da ikertuak erraz egin dezakeela berriz delitua», epailearen esanetan; izan ere, jaietako atrakzio batean lan egiten du, eta neska adingabe ugari ibiltzen dira halakoetan.
Erantzun azkarra
Alfredo Ruiz alkateak azaldu duenez, «herritarren aurrean» gertatu ziren erasoak, eta, beraz, «erraza» izan da erasotzailea identifikatzea. Bide batez, iragarri du udalak neurriak hartuko dituela halakorik berriz gerta ez dadin.
Uharteko Udalak gertatutakoa salatu du, eta hauxe nabarmendu: «Gertakari horiek salatzeko herritarrek emandako erantzun azkarrak agerian uzten du oso garrantzitsua dela emakumeen aurkako indarkeriaren kontra kontzientziatzeko lanean jarraitzea». Arratsalderako, elkarretaratzera deitu dute herrian.