Espetxeratu egin dute Tolosako osteopata, hainbat sexu eraso egotzita

Sei salaketa jaso ditu guztira gizonak. Ihes egiteko arriskuagatik eskatu du fiskalak kartzelatzea.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU
Tolosan elkarretaratze jendetsua egin zuten astelehenean, erasook salatzeko. GORKA RUBIO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2024ko otsailaren 2a
19:26
Entzun

EITBk jakinarazi duenez, Tolosako (Gipuzkoa) osteopata kartzelatzea erabaki du Instrukzioko 3. Epaitegiak, kontsultan hainbat sexu eraso egitea leporatuta. Guztira sei emakumek jarri dute salaketa gizonaren aurka; azken egunetan agertu diren biktimen lekukotza jaso ostean, osteopata ere epaitegira deitu dute, eta deklarazioa hartu ostean, behin-behinean espetxera bidaltzera ebatzi dute, ihes egiteko arriskuagatik.

Osteopata urtarrilaren 21ean atxilotu zuten, bi emakumek —horietako bat, adingabea— salaketa jarri eta gero, baina karguekin aske utzi zuten. Hala ere, halako erasoak salatzera deitu zuen Ertzaintzak, gehiago egon zitezkeelakoan, eta asteburutik beste lau salaketa jaso dituzte; guztira, sei. Biktimei entzun ostean, fiskalak berak galdegin du gizona espetxeratzea, «balizko zigorren larritasunak» ihes egitera bultza zezakeelakoan.

Lehen bi biktimek azaldu zutenez, osteopatak ukituak egin zizkien, bera eta emakumezkoak kontsultan bakarrik zeudela baliatuta: hasieran masajea bizkar eta gerri aldean ematen zuen, baina, handik gutxira, gizonaren manipulazioa eremu intimoetara iristen zen, inolako baimenik gabe. Biek adierazi zuten beldur zirela gizonak masajeak ematean zuen jarreraz. Bi eraso haietako bat duela urte batzuk gertatu zen; bestea, berriz, duela gutxi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.