Espetxeratu egin dute herenegun gauean Navarreten (Errioxa, Espainia) istripu larri bat eragin zuen gidari nafarra. Gidatzen zuen autoak beste auto bat eta kamioi bat jo zituen aurrez aurre, eta istripuan autoko emakume haurdun bat —35 urtekoa— eta sabelean zuen umekia hil ziren. Gidariak kontrako bidean gidatu zuen AP-68 autobideko hamar bat kilometroan, eta positibo eman zuen alkohol eta droga probetan.
Logroñoko Lehen Instrukzio Epaitegiko epaileak hartu du erabakia. Behin-behineko espetxealdia ezarri dio, bermerik gabea. Giza hilketa, abortua eta ausarkeriaz gidatzea egotzi dizkio. Gidaria San Adriangoa da (Nafarroa), eta 46 urte ditu.