Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ostiralean Barakaldon ustez ama hil zuen gizona espetxeratu egin dute epailearen aginduz. Hildako emakumeak 84 urte zituen, eta semeak, 63. Emakumeak ez zuen inoiz salatu semea, baina aurrekariak dauzka indarkeria matxistagatik, BERRIAk jakin duenez.
Ostiralean izan zen hilketa, Barakaldoko Arrandi kalean. 16:30 aldera, bizilagunek abisu bat igorri zioten Ertzaintzari, eta etxebizitza batean emakume bat hilda egon zitekeela esan, oihuak eta eztabaidak entzun baitzituzten. Poliziek, bertaratu zirenean, ikusi zuten emakumea hilda zegoela, eta gorpuak indarkeria zantzuak zituela.
Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen, eta emakumearen semea atxilotu. Polizia etxean izan da harrezkero, igande goizean epaitegian deklaratu duen arte. Gizonari entzun ondoren, espetxeratzeko agindu zuen epaileak.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak hilketa matxista horren aurka biltzeko deia egin du biharko. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean izango dira protesta horiek. Argitan Barakaldoko emakumeentzako aholku etxeak 18:30erako deitu du protestara, herrian bertan.
🚨MOBILIZAZIOAK EUSKAL HERRIAN ZEHAR!🚨#NazkatutaGaude#erailketamatxista#Barakaldo#Bilbo#Gasteiz#Donostia#Iruñea 👇👇👇#ErasorikEzErantzunikGabepic.twitter.com/xWSTJRpcq1
— Argitan (@argitan_baraka) January 5, 2025