Atzo ilunabarrean, emakumeen aurkako indarkeriaren Gasteizko auzitegiak agindu zuen espetxeratzeko Agurainen atxilotutako 19 urteko gaztea. Bikotekideari sexu erasoa egin, lesioak eragin eta urruntze agindua bete ez izanaren nahiko zantzu daudela uste du epaitegiak. Behin-behineko espetxealdia agindu du.
Astelehen gauean gertatu zen erasoa, eta astearte goizean atxilotu zuten gaztea Ertzaintzak. Segurtasun Sailak jakinarazi zuen hainbat delitu egitea egotzi ziotela. Bikotekide ohiarengandik 200 metro baino gertuago ez egoteko agindua zuen.
Orain auzitegiak hartu dituen neurrien artean dago 500 metrora zabalduko dela ez gerturatzeko agindua. Halaber, debekatu egingo zaio atzerrira joatea, eta ezingo da harremanetan jarri bikotekide izandakoarekin.
Delitu bera egin izana egotzi zioten aurretik ere. Izan ere, bikotekide izandakoak beste salaketa bat jarria zuen, eta gazte hori ikertua izan zen sexu erasoa egin izana leporatuta.