Espetxeratu egin dituzte Irungo hilketagatik atxilotutako bi gizonak

Ertzaintzak identifikatu zituen, eta Katalunian atxilotu dituzte.

Hilketa gertatu zen eraikinaren ataria. JUAN HERRERO / EFE
Hilketa gertatu zen eraikinaren ataria. JUAN HERRERO / EFE
jakes goikoetxea
2025eko apirilaren 14a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizon baten gorpua aurkitu zuten Irungo (Gipuzkoa) etxe batean iragan asteazkenean, aulki bati lotuta, ahoa estalita eta bortizkeria zantzuekin. Ostiral goizaldean bi gizon atxilotu zituzten Katalunian, hilketa egin izana egotzita, bata 31 urtekoa, eta bestea 36koa. Atxilotuak Irunera eraman zituzten, epailearen aurrean deklaratzera, eta epaileak espetxeratzeko agindu zuen atzo.

Asteazkeneko 17:15 aldera aurkitu zuten gizonaren gorpua. Lurrera erorita zegoen. Ertzaintzak hilketaren ustezko bi egileak identifikatu zituen eta haiek bilatzeko abisua eman zuen polizien datu baseetan, litekeena zelako Euskal Herritik ihes egin izana. Ostiral goizaldean, Calafellgo (Tarragona, Herrialde Katalanak) udaltzainek gizon bat identifikatu zuten. Ikusi zuten Ertzaintzak gizon hori bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuela, eta atxilotu egin zuten. Mossoek atxilotua eta haren kidea bizi ziren etxea aurkitu zuten, eta atxilotu egin zuten etxean zegoen gizona. 

Ertzaintzako ikertzaileak Tarragonara joan ziren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, hilketarekin lotutako zenbait froga aurkitu zituzten atxilotuen etxean, tartean Irungo etxeko bitxi batzuk. Atxilotuak Irunera eraman zituzten.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.