Espetxerako joan-etorrietan hazitakoen ahotsa, argitara

'Gurpilak' eleberria idatzi aurretik, gurasoren bat preso izan duten edo duten bi lagunekin elkartu zen Artola, haien bizipenak jasotzeko. Liburua argitaratu eta gero, berriro bildu dira. Espetxera egindako bidaiez, enpatiaz eta euren amez mintzatu dira.

Peru Del Hoyo Sanchez, Eztizen Artola Iturrate eta Amaiur Iragi Viso, Bilboko Errondabide kultur elkartean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Peru del Hoyo Sanchez, Eztizen Artola Iturrate eta Amaiur Iragi Viso, Bilboko Errondabide kultur elkartean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Maitasuna, gorrotoaren ordez. Elkartasuna, espetxearen zurruntasunaren ordez. Mirentxin, baimen ukazioen eta umiliazioaren ordez. Bi mundu guztiz antagoniko. Horrela bizi izan dira eta bizi dira haur motxiladunak, Eztizen Artola Iturrateren arabera. Guraso bat preso izan zuen berak. «Bi munduren artean: bata guztiz gizagabea, eta, bestea, guztiz kontrakoa». Errondabide kultur elkarteko mahai baten bueltan azaldu du hori, aldamenean Amaiur Iragi Viso eta Peru del Hoyo Sanchez dituela. Iragik guraso bat preso du oraindik. Del Hoyok espetxerako joan-etorrietan igaro zuen haurtzaroaren zati bat.

Ez da lehenengo aldia bertan elkartzen direna; duela hilabete batzuk ere bildu ziren. «Hor, hain zuzen», ondoko mahaia seinalatuz. Iraganaz aritu ziren, sentimenduez, baita orainaldiaz ere. Malko eta barre artean. Lagun artean. Oraingoan ere, hori da helburua, baina elementu berri bat dute mahai gainean: Gurpilak eleberria. Artolak aurten argitaratu du liburua, Txalaparta argitaletxearekin. Haur motxiladunen errealitatea fikzio bilakatu du.

Ihintza izeneko pertsonaia da liburuko protagonista, baina badu Artolaren zati bat, baita Iragirena eta Del Hoyorena ere. Eta gainerako haur motxiladunena ere bai. Izan ere, hasieratik argi izan zuen Artolak bere bizipena bakarrik kontatuz gero kontakizunak hutsune asko izango zituela. Horregatik, liburua idatzi aurretik, bi lagunekin elkartu zen, bizipenei eta sentipenei buruz aritzeko. Berriro elkartu dira orain, liburua eskutan, euren bizitzaren inguruan hitz egiten jarraitzeko.

Liburuaren aurkezpenean, zera nabarmendu zuen Artolak: «Euskal gatazkaz aritu garenean, nagusiki gizonek jarri izan diote ahotsa kontakizun horri. Nekatuta nengoen kontakizun horretan neure burua inon ez topatzeaz». Del Hoyok ezinbestekotzat jo du liburua sortu izana: «Gainera, gutako bat izan da». Eta Artolak zera erantsi du: «Uste dut haur motxiladun izatea tokatu zaigunetik ardura bat duen subjektu politiko bat garela, eta gure belaunaldiei eta datozenei kontatu behar diegula herri honetan zer gertatu den eta zer egin diguten».

Artolak 13 urte zituenean utzi zuten aske haren aita, 2013an. Iragik, berriz, jaio zenetik izan du aita espetxean, eta bertan dago oraindik ere, nahiz eta haren egoerak hobera egin duen. Haurra zenean, haren ama ere espetxean egon zen bi urtez. Bestelakoa da Del Hoyoren egoera: bera jaio eta hilabete eta erdira sartu zuten kartzelan haren aita. Badajozko espetxean hil zen (Espainia), duela zazpi urte.

Gaur egun, beraz, egoera diferentean daude hirurak. Halere, kapaz dira bestearen «azalean» jartzeko. Liburua idatzi aurretik egindako grabazioan, hala ondorioztatu zuen Artolak: «Harrigarria egin zitzaidan hirurok zenbateko gaitasuna geneukan bestearen azalean jartzeko eta gure minak nolabait gutxiesteko». Artolak uste du haur motxiladun askok «enpatia ariketa asko» egiten ikasi dutela txikitatik, eta liburua idatzi aurretik egindako topaketa ariketa horietako bat izan zela. Hain gustura egon zirenez, adostu zuten beste noizbait ere elkartu beharko zutela.

«Uste dut 'haur motxiladun' izatea tokatu zaigunetik ardura bat duen subjektu politiko bat garela, eta gure belaunaldiei eta datozenei kontatu behar diegula herri honetan zer gertatu den eta zer egin diguten»

EZTIZEN ARTOLA ITURRATEPreso izandako baten alaba

Haurra zenean, Iragik inguruan ez zuen bere egoeran zegoen beste haurrik, eta, beraz, «apur bat diferente» sentitzen zen. Amari esker, pare bat alditan beste gazte batzuekin elkartu zen, baita Artolarekin ere. «Ni umemoko bat nintzen, eta Ekaik litxarreriak erosten zizkidan». Bidaiei buruz pixka bat hitz egiten zuten, baina baita bizitzaz ere. «Nire partidez hitz egiten genuen, lagunen urtebetetzeez... Ilusio eta lasaitasun puntu bat eman zidan ikusteak nire egoera berean zegoen jendeak bizitza guztiz normala egiten zuela». Artolak, gainera, nabarmendu du inoiz ez zuela inolako epairik sentitu haien artean.

Konfiantzaz mintzo dira hirurak. Horregatik, Del Hoyok ez du ezkutatu: «Eztizen, sentitzen dut, baina oraindik ez dut liburua irakurri». Zintzotasun osoz erantzun dio Artolak: «Lasai, Peru. Liburu bakoitzak badu bere momentua, eta agian oraindik ez da momentu hori iritsi».

Iragik, berriz, hunkituta ekin zion liburua irakurtzeari, hasieratik sentitu baitzen identifikatuta. Eleberria aita espetxetik ateratzen denean abiatzen da. Zera pentsatzen du Ihintzak: «Zenbat aldiz amestu, irudikatu, planeatu dugun bidaia hau, eta zeinen ezberdina izaten ari den». Iragik, antzera: «Zenbat alditan amestu eta irudikatu dudan hori nire buruan». Handik aurrerako hitz eta paragrafo guztiek bere bizitza ekarri diote gogora.

Hamaika buelta

Espetxera egindako bidaiei dagokienez, bat datoz hirurak: luzeak izan dira. Luzeak izan dira senideak ikusteko egin beharreko bidaiak. «Aspaldi kalkulatu genuen, eta orain ez dut gogoratzen, baina ez dakit zenbat buelta eman dizkiogun munduari Badajozera joaten», adierazi du Del Hoyok. Eta onartu du gaur egun autoa «gorroto» duela. Halere, erabili behar izaten du, musikaria baita –Raperu– eta kontzertuak ematen baititu. Errepidearen kontrako sentimendua hirurek dute.

Iragi, esaterako, autora igo baino lehen zorabiatzen zen. «Ez nintzen kapaz Kordobara [Espainia] bidaia osoa autoz egiteko; erdia aitona-amonen autoan egiten genuen, eta beste erdia, trenez», azaldu du. Egun, auto horren usainak sentipen guztiak berpizten dizkio. «Nik uste dut errepidea gustuko ez edukitzea, zorabiatzen jarraitzea eta horrelako estutasun sentsazioa izatea badela zerbait gutako askori gertatu zaiguna», erantsi du Artolak.

Bidaiei alde positiboa ere atera diote gazteek: Mirentxin ekarri dute gogora. Liburuan ere, Artolak keinua egin die hogei urtean baino gehiagoan euskal presoen senitartekoak espetxeetara eraman dituzten gidariei: «Amak beti azaltzen dit gu laguntzera etortzen direla, orduan, suposatzen dut gure lagunak direla. Lagunak, lagun minak eta lagun kuttunak daude. Hauek lagunak dira. Uste dut Mirentxin deitzen dituztela, eta niri arraroa iruditzen zait guztiek izen bera izatea». Mirentxinekin bidaia gutxi egin zituen arren, Iragirentzat «onenetarikoak» izan ziren.

«Aspaldi kalkulatu genuen, eta orain ez dut gogoratzen, baina ez dakit zenbat buelta eman dizkiogun munduari Badajozera joaten»

PERU DEL HOYO SANCHEZPreso izandako baten semea

Del Hoyok ere oroitzapen «oso onak» ditu Mirentxinekin. Orain pentsatuta, «surrealista» iruditzen zaio: «Gidariak prest egotea asteburuan bidaiak egiteko, zoro batzuekin hor atzean, bakoitza bere kontuekin, euskara diferenteak... Sekulakoa izan zen». Iragik aitortu du presoak hurbiltzean hasi zirenean asko poztu zela, baina penaz bizi izan zuela Mirentxinen amaiera. Sentimendu «anabasa» izan zuen.

Sakabanaketa ere «surrealista» iruditzen zaio Del Hoyori: «Nik bizi izan dut, eta, orain, perspektiba hartuta, ez dut sinesten. Ez du zentzurik. Eta zeinen gogorra den senideentzat». Ildo berean, Artolak gogoratu du oraindik ere euskal preso batzuk «tokitan» daudela Frantzian, seme-alaba oso txikiak dituztela, eta ume horiei «inork» ez diela ezer azaltzen.

Aita preso duten bi ume txiki zaintzen ditu Artolak, eta beretzat «plazer bat» izan da haiekin topo egitea: «Guk urte horietan guztietan jaso dugun maitasunaren apurtxo bat haiei eman ahal badiet, eta transmititu guri herri honek erakutsi zigun elkartasun hori, zeina orain agian apalduago baitago, ni pozarren».

Ama, gainerakoen sostengu

Beste figura bat ere izan dute hizpide: ama. Izan ere, amaren figurak ezinbesteko pisua du eleberrian. «Munduko amarik onena daukat», uste du Ihintzak. Eta antzerako pisua izan du solasaldian ere. Amari buruzko galderaren zain egon da Del Hoyo hasieratik, eta galdera entzun bezain pronto, Artolari eta Iragiri begiratu die: «Hasi naiteke ni? Pila bat maite dut nire ama». Begiradarekin erantzun diote: noski.

«Agian txikitan ez nuen hainbeste pentsatzen, baina orain, helduagoa izanda, beti pentsatzen dut: amarekin, edonora». Zera aitortu du: «Ni nire ama izango banintz, agian ez nuke aitarekin jarraituko». Mirestekoa iruditzen zaio amak berarengatik bizitza osoan zehar egindako guztia; ez dio «inoiz» ezer leporatu, ezta «ezer eskatu» ere. Del Hoyorentzat, elkarrizketa interesgarriagoa izango litzateke berarekin egin baino amarekin egin izan balute, euskal presoen bikotekideek benetan dutelako gainean «motxila bat».

Antzera jarraitu du Iragik: «Haiengatik ez balitz, itsasontzi hau aspaldi egongo litzateke hondoratuta». Uste du inoiz ez dutela jaso merezi duten aitortza, beti geratzen direla bigarren mailan, eta «erdigunean» egon beharko luketela, «lan mugagabea» egin baitute; izan ere, haiek izan dira seme-alaben sostengu, baita kartzelan daudenen sostengu ere.

Artolak bi ideia izan ditu hizpide. Batetik: «Gure amena ere hautu politiko bat izan da; nik argi daukat nire ama militante politikoa dela». Baina: «Hautu hori noraino egon da baldintzatuta? Nola zigortu ditugu bizitza hori eurentzat nahi ez zuten emakumeak? Eta baiezkoa aukeratu dutenei, zeren arabera uste dugu hartu dutela erabaki hori?». Iragiren arabera, hautu hori egitea ez zen «aukera libre» bat, eta onartu du hautu hori egin ez duten emakumeak «epaituak» eta «baztertuak» izan direla.

«Herri honek horrelako milaka istorio ditu, eta gurea da horietatik guztietatik bat»

AMAIUR IRAGI VISOGuraso bat preso du

Gazte horiek amarekin duten harremana «oso berezia» dela uste du Artolak, haien «heziketako figurarik garrantzitsuenak» izan baitira. «Gogorra da horrela esatea, baina gure aitek ez gaituzte hezi». Halere, «kontziente» da aita «beti» saiatu dela espetxearen «edozein zirrikitu» bilatzen: «Nik ez nezan sentitu berak abandonatu egingo ninduenik».

Artolaren aita aske utzi zutenean amaren eta bere arteko harremana «lausotuz» joan zela ikusi zuen gazteak. Ihintzak berdin sentitzen du liburuan: «Nerabezaro bete-betean iritsi zen [aita] etxera, nire bizitza aldrebestu eta amaren oheko ezkerreko aldean nuen tokia okupatzera». Artolak ere amarekin egiten zuen lo ia egunero, eta akordio batera iritsi zen aitarekin, astean behin amarekin lo egiteko, «amak ere nahi zuelako». Harremana aldatu egiten dela onartu du Artolak, eta momentu horretan gauza asko ikasi behar dituztela.

'Haur motxiladun', noiz arte?

Hamar urte baino gehiago daramatza etxean Artolaren aitak. Halere, ez daki haur motxiladunek noizbait uzten dioten haur motxiladun izateari. «Ez dakit zauri horiek noizbait guztiz osatzen diren edo ez». Iragik ere uste du «arrastoa» uzten duela, «euren bizitza» baita. Eta iritzi berekoa da Del Hoyo. Halere, argi utzi du ez zukeela bere bizitza aldatuko.

Artolak azpimarratu du liburuaren helburu bat badela gizarteari egoera horren berri ematea. Iragik, halere, uste du «emozionalki» eragiten dien horrengatik ere sortzen dituztela horrelako lanak. Pizpirri diskoa aurkeztu berri du berak, aitaren eta bere arteko harreman berezia islatzen duten kantekin. Besteak beste, Del Hoyok parte hartu du kantak moldatzen. «Herri honek horrelako milaka istorio ditu, eta gurea da horietatik guztietatik bat», adierazi du Iragik. Artolak esan dio umeei oparituko diela, bidaietan jartzeko. Del Hoyok, berriz, «pila bat» eskertu die biei bera kontuan izatea horrelako lanak sortzeko, eta helarazi du beti egongo dela laguntzeko prest.

«Espetxearen kontrako aldarria egiten hasi beharko genuke», borobildu du Artolak, euskal preso guztiak kartzelatik kanpo daudenean «espetxeek beteta jarraituko dutelako» eta espetxeak eurei eragin dien mina beste haur batzuei ere egingo dielako gero. Ihintzak ere desio hori aipatzen du eleberriaren azken esaldian: «Zer desio kartzelak eztandarazteko». Eta Del Hoyok bota du galdera: «Beti izan da txikitako galdera: zertarako balio du espetxeak?».

Gaur egun hirurak egoera diferentean dauden arren, hirurek argi dute maitasunaren bidetik jarraituko dutela lanean, «gorrototik at». Bakoitza beretik, «ahal duen bezala». Del Hoyok rapa abesten du, Artolak liburu bat atera berri du, eta Iragik, disko bat. Errondabiden bertan, pentsatu dute ideia polita izango litzatekeela noizbait euren bideak elkartzea, eta historia ahantzi ez dadin euren ekarpena egitea, hirurek batera eta irribarrez, Pizpirri diskoko esaldi batek dioen bezala: «Irririk ez den tokian onik ez ohi da jasotzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.