Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak espetxeetan kultur emanaldiak egiteko baldintzak gogortuko ditu, Martuteneko kartzelan (Gipuzkoa) Sarri, Sarri dantzatu dutela jakin eta gero. Maria Jesus San Jose sailburuak ez du adierazpen ofizialik egin, baina sailak baieztatu du aurrerantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako presondegietan egiten den edozein kultur ekintzak presoen gizarteratzea lehenetsi beharko duela eta ezingo dituela «biktimak iraindu».
Orain arteko baldintza zen aurrekari penalik edo polizialik ez izatea. Fermin Muguruzak eta Des-Kontrolek –elkarrekin ari direnean Pikete Lerroa taldea osatzen dute– halakorik ez dutenez, kontzertua egin zuten larunbatean Martutenen. Besteak beste, Kortaturen Sarri, Sarri abestia jo zuten. Iñaki Pikabea Piti eta Joseba Sarrionandia Sarri presoek 1985ean Martuteneko kartzelatik alde egin zutenekoa kontatzen du abestiak.
Martutene 1985-2024. Debekatuta omen zegoen “Sarri, Sarri” entzutea, abestea, dantzatzea, ihesaldia izan zenetik, baina gaur madarikazioa apurtu dugu.
— Fermin Muguruza (@muguruzafm) November 16, 2024
Kriston martxa dabil!#PresoakEtxeratpic.twitter.com/5RTcQEi2Zm
Muguruzarentzat «atzerapausoa» da Eusko Jaurlaritzak orain erabakitzea kultur ekitaldiei baldintzak zorroztea. Esan du asmoa duela kartzeletan kontzertuak ematen segitzeko euskal preso politiko guztiak etxean egonda ere, oso garrantzitsua iruditzen zaiolako kulturaren zabalpena espazio horietan ere. «Ni kartzeletan jotzen dudanean boluntario bat naiz. 2000. urtean Iruñean jada jo genuen, eta ez zen inolako arazorik egon. Orain, bat batean horrelako berri bat jaso dugu», adierazi du Muguruzak.
Horrez gain, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari zuzendu zaio musikaria: «Pradalesek barkamena eskatzea nahiko nuke». 2003. urtean Manu Chaorekin batera biran zebilen Muguruza, eta bien aurka «sekulako aurkako kanpaina» sortu zen musikariaren ustez. Horren aurrean Eusko Jaurlaritzak elkartasuna adierazi zien biei. «Duela 21 urte gure alde agertu zen Jaurlaritza, eta orain, horrelako erabaki bat hartu du». Harridura askorekin jaso zuen atzo Muguruzak berria, eta gaur, harridura «tristuran» bilakatu da. «Nola da posible sailburu batek kanta bat hartzea, epaitzea eta zigortzea? Hori epaile batek egin beharko luke». Azkenik, berriro ere lehendakariari zuzenduz, esan du jakin nahiko lukeela zer pentsatzen duen Pradalesek haren sailburuak esan duenaz.
Coviteren ustez, berriz, «lotsagarria» eta biktimentzako «iraina» izan da. Elkarteak atzo eguerdian egin zuen adierazpena, sare sozialen bidez. Kexa Justizia eta Giza Eskubideen Saileraino heldu zen, eta iluntzean erabaki zuten baldintzak zorroztea. Era berean, Jaurlaritzak esan du ulertzen dituela jasotako kexuak, eta barkamena eskatu du.