Espetxeetako sarraila irekitzeko bigarren buelta emateko nahia azaldu du Sarek Donostian

Sare Herritarrak deituta, mobilizazio bat egin dute Donostiako Aste Nagusian, euskal presoen «etxeratze prozesuan» aurrerapauso gehiago egiteko eskatzeko.

Sare Herritarrak Donostian egindako mobilizazioa. JAGOBA MATEROLA / FOKU
Sare Herritarrak Donostian egindako mobilizazioa, gaur. JAGOBA MATEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko abuztuaren 17a
14:05
Entzun

Jaiek balio dute aldarrikapenak gizarteratzeko ere. Horretarako baliatu du Donostiako Aste Nagusiko festa giroa Sare Herritarra plataformak. Bulebarretik hasita egindako manifestazioan, dozenaka lagunek bat egin dute Etxera! leloarekin, euskal presoen «etxeratze prozesuaren aldeko» aldarrikapena egiteko. «Hamaika gara beste behin gatazkaren konponbideari ateak irekitzeko unea dela eskatzeko elkartu garenak», adierazi du Beñat Uribe-Etxeberriak mobilizazioaren amaieran.

Sarek azken urteetan erabilitako lelo nagusia izan da Konponbiderako giltzak, eta, metafora horixe erabiliz, Uribe-Etxeberriak adierazi du sarrailari bigarren buelta bat emateko abagunea iritsi dela. Izan ere, Sare Herritarrak aitortu du azken urteetan «aurrerapauso nabarmenak» eman direla euskal presoen espetxe egoerari dagokionez, eta horrek balio izan duela «sarrailari buelta bat» emateko: urruntze eta sakabanaketa politiken eta lehen graduen amaiera iritsi zen lehenik, eta etxeratze prozesuari bidea ireki dieten espetxe baimenak, hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasunak ondoren.

Halere, uste dute oraindik ere urrats «handiak» egin behar direla sarraila irekitzeko; hau da, «euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari aterabide osoa emateko». Hala aldarrikatu dute Donostian egindako mobilizazioan: «Etxera aldarrikapen izatetik, errealitate izatera pasatuko dugu, ateak ireki eta etxera esango dugu ozen».

Bide horretan, presoen eskubideen aldeko plataformak Espainiako Auzitegi Nazionalak horiei emaniko hirugarren graduen inguruan hartutako erabakietan zein oraindik ere aplikatzen diren salbuespen politiken amaieran egin izan du indar; besteak beste, legedi horren ondorio da presoek ezarritako zigorrak osorik espetxean egitea eta Europako Batasuneko beste herrialde batzuetan egindako zigorrak kontuan ez hartzea.

Sare Herritarrarentzat, «behar bat» da konponbiderako urratsak «gehiago ez luzatzea». Behar bat, «hainbeste urteren ondoren ateak irekitzea». Eta uste du euskal gizarteak pauso horiek emateko prestasuna adierazi duela. Bai motibazio politikoko presoek «espetxeetako ateak gainditzeko», bai iheslari eta erbesteratuek «etxera itzultzeko askatasuna izateko».

Era berean, Uribe-Etxeberriak nabarmendu du «biolentzia ezberdinen biktimek» aitortza jasotzeko abagunea ere badela. Aitortza hori, aurrez adierazitako urratsekin batera, «konponbideari atea irekitzeko» baliatu behar dela argudiatu du: «Elkarbizitzarako unea da».

Donostian egindakoa Sare Herritarrak udako jaien testuinguruan antolatuko mobilizazioetako bat izan da. Aurrez, Gasteizko jaietan mobilizatu ziren, abuztuaren 5ean, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeko zenbait udalerritan egun bat lehenago, Etxerat elkartearekin batera antolatutako elkarretaratzeetan.

Aurrera begira, berriz, Sarek antolatuta, Bizkaiko Etxera Eguna ospatuko dute abuztuaren 23an, Bilboko Aste Nagusia baliatuta. 13:00etan abiatuko da manifestazioa Plaza Eliptikotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.