Euskal presoak

Espetxeetako salbuespena amaitzeko eskatu du Etxerat elkarteak

Euskal presoek onurak dituztela diotenei «gezurretan» aritzea leporatu die

Etxerat elkarteko kideak, gaurko agerraldian, Bilbon. ARITZ LOIOLA - FOKU
gotzon hermosilla
2022ko apirilaren 4a
12:03
Entzun

Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteko kideak «aspertuta» eta «gogaituta» daude, ikusita euskal presoei oraindik ere «salbuespeneko neurriak» ezartzen dizkietela eta lege arrunta ez dietela aplikatzen: «Aspertuta gaude gure senideekin beti salbuespenaz jokatzen dutelako eta ez zaielako legea aplikatzen. Gogaituta gaude legeak jasotzen ez dituen gauzak eskatzen zaizkielako, eta nazkatuta gaude espetxe salbuespenari eusteko jartzen dituzten aitzakia politiko, mediatiko eta judizialekin».

Presoen senideek argi utzi nahi izan dute ez direla «onurez» ari, «espetxeetako legeak eta araudiak jasotzen dituzten eskubideez» baizik: «Euskal preso politikoek onurak lortu dituztela diotenak gezurretan ari dira. Gezurra esaten dute salbuespen neurririk inoiz ez zaiela aplikatu eta orain ez zaiela aplikatzen ziurtatzen dutenek», azaldu dute.

Esan dutenez, gainerako presoen kasuan ibilbide arrunta izango litzatekeena etxetik gertu egon ahal izateko, irteera baimenak lortzeko, hirugarren graduan sailkatzeko eta, azkenik, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko «etengabeko oztopo lasterketa» bilakatzen da euskal presoen kasuan, eta zenbait datu eman dute esaten dutena frogatzeko. Adibidez, espetxeetako tokian tokiko tratamendu batzordeek 34 presori dagozkien 71 irteera baimen onartu dituzte, gero Espainiako Auzitegi Nazionalaren Espetxe Zaintzako epaileak eta 1. sekzioak ukatu dituztenak. Etxerat-ek azaldu duenez, 168 presok kalera ateratzeko baimena izan beharko lukete lege arrunta aplikatuz gero, baina horietatik 22 baino ez daude egoera horretan.

Irteera baimena ukatzea nahikoa ez, eta zenbait kasutan, 3. graduan zeuden presoak 2. gradura bueltatzeko agindu du Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak. Horrek ekarri du kalera ateratzeko moduan zeuden hiru presok espetxera itzuli behar izan dutela. Normalean, zigorraren erdia bete duten presoak 3. graduan sailkatzen dituzte, eta horrek espetxealdiaren zati bat kalean egiteko aukera ematen die. Euskal presoen kasuan, 132k egon beharko lukete egoera horretan, baina horietatik hamalau baino ez daude hirugarren graduan.

Azkenik, Etxerat-ek emandako datuen arabera, 51 presok baldintzapean aske egon beharko lukete, zigorraren hiru laurden bete dituztelako, baina aurten seik baino ez dute hori lortu.

«Ezin dugu denbora gehiago itxaron, lege arrunta aplikatzeko oztopoak eta trabak egunero saihestuz», esan dute euskal presoen senitartekoek; «ezin dugu sufrimenduaren luzapenaren biktima izaten jarraitu, eta ezin da euskal gizartea elkarbizitza eraikitzeko etengabeko atzerapenera kondenatu». Horregatik, salbuespen neurriak alboratzeko eta behingoz lege arrunta aplikatzeko espatu dute berriro.

Joseba Borderen kasua

Joseba Borde presoaren senide Boni Badillok haren kasua azaldu du, Etxerat elkarteak salatzen duen egoeraren adierazgarri. Borde Ugaokoa da (Bizkaia), 63 urte ditu, aurten hogei urte beteko ditu preso atxiki zutenetik, eta egun Basauriko espetxean dago (Bizkaian), hogei urte hauetan Euskal Herritik kanpoko hainbat kartzelatan egon ostean. Koloneko minbizia izan du, eta gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten presoen zerrendan dago.

Badillok azaldu duenez, Bordek zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2019an, eta 2024an beteko du zigorra osorik. Hortaz, irteera baimena izateko baldintza guztiak betetzen ditu, eta espetxeko tratamendu batzordeak lau aldiz onartu ditu baimen horiek, baina Espetxe Zaintzako epaileak ukatu egin dizkio.

Borderekin izandako jokabidea salatu du haren senideak: «Josebari kalean egoteko duen eskubidea urratzen ari zaizkio eta, bere familia, bere gertukoak, Josebaren urrunaldiarekin zigortzen gaituzte. Bere eskubidea da kalean eta gurekin egotea baina ez dago eskubiderik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.