Espetxeetako salbuespen neurriak amaitzeko eskatu dute sindikatuek Bilbon

Hileroko elkarretaratzea egin dute. Gehiengo sindikalak aukera baliatu du urtarrilaren 7ko manifestazioaren deialdiarekin bat egiteko

Lakuntza (ELA), Arza (UGT) eta Aranburu (LAB), atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Hilero, Hego Euskal Herriko sindikatu ia guztiek (ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT/LKN, CNT, EHNE, Hiru eta Etxalde) elkarretaratzea egin ohi dute Bilboko Plaza Eliptikoan, presoen giza eskubideen alde. Oraingoan ere egin dute abenduari dagokiona, eta aukera baliatu dute Sarek urtarrilaren 7rako antolatu duen manifestazioari atxikimendua adierazteko, espetxe arloko «salbuespen neurriak» alboratzeko eskatzeaz gain.

Sindikatuetako 50 bat ordezkari Bilboko Plaza Eliptikoan batu dira, Etxera bidea gertu goiburua idatzita zuen pankarta baten atzean, eta elkarretaratzea egin dute. Sareko Bego Atxa eta Inaxio Oiartzabal ere mobilizazioan egon dira.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak hiru aldarrikapen plazaratu ditu: oraindik amaitzeko dagoen euskal presoen Euskal Herriratze prozesuari azkena ematea, «salbuespen neurriak» bertan behera uztea —bereziki graduen erregresioari dagozkionak—, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari mezu bat igortzea: «Espetxe arloko eskumenak herri honetan daude, eta, beraz, euskal erakundeek arlo honetan erabakitzen dutena errespetatu behar dute».

Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren jarrera kritikatu du Lakuntzak: «Euskal espetxe erakundeek onartutako gradu progresioei etengabe ari zaie helegiteak jartzen».

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk esan duenez, «presoei zein senitartekoei sufrimendu bidegabe eta alferrikakoa eragin dien urruntzeari» dagokionez egoera asko aldatu da azken hilabeteotan: «Gaur egun, zorionez, presoak etxetik hurbilago daude, baina hori ez zen posible izango herritarren mobilizaziorik gabe, eta arlo politiko, sindikal eta sozialean adostasun zabalera iristeko borondate eta determinaziorik egon ez balitz».

Edonola ere, gogorarazi du oraindik ere presoei «eskubideak urratzen dituen salbuespen politika bat» aplikatzen zaiela, eta horrek «etxerako bidea luzatu eta oztopatu» egiten duela. Horregatik, dei egin du urtarrilaren 7ko manifestazioan parte hartzera.

Zauriak itxi

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako UGTko idazkari nagusi Raul Arzak esan du haien asmoa dela «urte asko iraun zuen gatazka baten zauriak ixten joatea». Haren ustez, aurtengoa «urte positiboa» izan da: «Gure helburuetako bat zen preso gehienak Euskadira hurbiltzea, eta gaur egun oso gutxi dira Euskadira iristeko daudenak».

UGTk ere salbuespen neurrien kontra egin du: «Gure ustez, beharrezkoa da beste aro bat irekitzea, non presoen auziak ez duen zerikusirik izango garai batean abian jarri ziren salbuespen neurriekin», azaldu du Arzak. «[Espainiako] Gobernuari adierazi nahi diogu, ETA desagertu zenetik hamar urte igaro direnean, beharrezkoa dela beste urrats bat egitea, eta orduan hartu ziren salbuespeneko neurri horiek desagertzen joan daitezela».

ETAk hildako UGTko kideak ere akorduan hartu ditu Arzak: «Garai batean, gure sindikatuak ETAren jazarpena pairatu zuen. Guk ez dugu hori ahaztuko, baina euskal gizarteak aurrera egin behar du, zauriak ahalik eta lasterren itxi. Gu horretan ari gara lanean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.