«Ausartzen naiz esatera [Espainiako] Auzitegi Nazionala ez dela ekarpenik egiten ari Euskadi baketsu baten alde»: Emilio Olabarria EAJko jurista eta politikariarenak dira berbak, eta espetxe politikaren «inboluzioaren» inguruan Foro Sozialak antolatutako mahai inguruan esan zituen, atzo. Partaideek Behatokiaren bosgarren monografikoaren aurkezpena baliatu zuten azken hilabeteetako egoeraz hausnartzeko. Izan ere, Auzitegi Nazionalak motibazio politikoko 76 euskal presoren baimenak bota ditu atzera iazko otsailetik, espetxeetako tratamendu batzordeek askotan aho batez onartu dizkieten arren.
«Betoa jarri diete baimenei», azaldu du Onintza Ostolaza EPPK-ko zenbait presoren abokatuak. Haren arabera, auzitegiaren autoek ez dituzte espetxeen eta lan talde teknikoen txostenak aztertzen: «Segituan ebazten dute auzia auto estereotipatuekin, esanez presoak ez duela barkamena espresuki eskatu, nahiz eta kasu askotan ez daukaten biktima jakinik». Unai Fanorena da horietako kasu bat. Basauriko (Bizkaia) espetxeko tratamendu batzordeak aho batez gradu aldaketa onartu arren, fiskaltzak errekurtsoa jarri zuen, zalantzan jarriz presoaren «barkamen eskaeraren zintzotasuna», nahiz eta Fano ez dagoen kondenatuta biktima jakinik hiltzeagatik. Zortzi hilez hirugarren graduan egon ondoren, bigarren gradura itzularazi zuen Auzitegi Nazionalak. «Imajinatu maila humanoan zer den pertsona batek kartzelara itzuli behar izatea, zortzi hilez familiarekin eta adingabeko alabekin egon ostean hirugarren graduan», hausnartu du Ostolazak.
Azken hiru urteetan egoera «nabarmen» aldatu dela uste du abokatuak, preso asko Euskal Herriratu eta graduz aldatu dituztelako. Azaldu duenez, borondate politikoa izan zen horren eragile, baina 2021eko urtarrilera arte iraun zuen. Ordutik aurrera, fiskaltzaren jokaera aldatu zen, Ostolazaren aburuz, eta, horrekin batera, Espetxe Zaintzako Epaitegiarena.
Behatokiaren txostena zorrotza da. Espetxe lege arruntaren irakurketa eta interpretazio «oso murriztaileak» egiten ari direla ondorioztatu dute, azken hamarkadetan «terrorismoaren» aurkako legediaren bidez sartutako elementuak baliatuz. Uste berekoa da Puerto Solar Espainiako Espetxe Erakundeetako jurista. «Izugarria da 1979ko legea [espetxe politika arautzen duena] gaindituta egotea, baina atzerantz». Solarren arabera, 7/2003 legean dago erroa. Hark ezarri zituen baldintza bi dira kolaborazioa eta barkamen eskaera. Zalantzan ipini du horien egokitasuna. Alde batetik, hainbeste urte igaro eta gero «oso zalantzazkoa» delako Poliziarentzat lagungarria izan daitekeen informazioa ematea. Damuaren auziak zalantza are gehiago dakartzala esan du: «Oso zaila da damua egiaztatzea, eta, gainera, ez daukagu nagusitasun moralik norbaiti damutu dadin exijitzeko. Hori norbere baitako kontua da». Proposatu du damuaren ordez begiratu beharko litzatekeela ea presoak «ardura hartu duen» eta ea ez den berriro kartzelara sartuko atera ostean. «Etorkizunera begirako» espetxe politika eskatu du, eta ez ebaluatzeko «errepikatzeko gaitasunik» dagoen: «Ez daukate delitu hauek errepikatzeko ahalmenik, taldea [ETA] ez delako existitzen».
Demokraziarako Epaileak elkarteko Marta Vicente de Gregorio epaileak auziaren gaineko jurisprudentzia izan du aipagai, eta, adierazi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak zehaztu izan du ez dagoela baldintza sine qua non-ik espetxe baimenak eskuratzeko. «Damua ez da baimenak lortzeko irizpide legal bat», adierazi du. Haren iritziz, bakarrik ukatu beharko lirateke baimena hausteko aukera edo delitua errepikatzekoa egongo balitz, eta ez delitu motaren arabera.
Espetxeetako «inboluzioa» salatu dute
Kartzela politikaz jardun dute Bilbon. Auzitegi Nazionalari egotzi diote baimenei «betoa» jartzea eta bakeari «ekarpenik» ez egitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu