Euskal presoen egoera, hobetu beharrean, sarri okertu ere egin da azkenaldian, Etxerat elkarteak esan duenez. Salatu du presondegietan «hainbat gertakari larri» izan direla urtea hasi denetik. Halaber, esan du urtarrilaren 7an 110.000 herritarrek presoen eskubideen aldeko manifestazio erraldoi bat egin zuten arren Espainiako eta Frantziako gobernuek entzungor egin dietela eskaera horiei, eta euskal presoen eskubideak behin eta berriz urratzen dituztela. Haien ustez, preso askoren egoera larriagotzen ari da. Horregatik, Mattin Troitiño eta Ane Miren Ganboa Etxerat-eko ordezkariek herritarrei eskatu diete antolatzen eta mobilizatzen jarraitzeko. Hileko azken ostiraletan egiten diren protestetara joateko, eta presoen eskubideen alde antolatzen ari diren herri bilguneetan parte hartzeko eskatu diete.
Frantziako hainbat espetxetan azkenaldian presoek pairatu dituztenak jarri dituzte egoera okertzen ari den erakusgarri. Dijongo kartzelan Itziar Morenok eta Oihana Garmendiak duten «infernuaren» berri eman dute. Bisitekin arazo larriak izaten ari dira, eta sarri geratu dira legez dagokien bisitarik gabe. Egin dituzten salaketei, hainbat zigorrekin erantzun diete espetxezainek. Banatu egin dituzte, bakartu, eta zigor ziegetara eraman. «Egunean 22 ordu izaten dituzte ziegan itxita; ezin dute inolako ekimenik egin, eta egoera gero eta gogorragoa da», salatu du Oihana Garmendiaren ahizpa Jaionek, larri.
Pottiers espetxean ere antzeko zenbait egoera pairatu dituzte. «Zigorrak eta zigor ziegan eginiko aldiak etengabeak» direla ohartarazi dute senideek. Eneko Zarrabeitia, adibidez, beste preso baten gurasoak besarkatzeagatik zigortu dute; Gorka Azpitarte, beste preso batzuekin hitz egiteagatik.
Are kezkagarriagoa da Txus Martin presoaren egoera. Gaixo dago, oso. Arazo psikologiko larria du, eta, Joseba anaiak kontatu duenez, okerrera egin du azkenaldian. «Orientazioa galduta ere etortzen da bisitetara; hitz egitean, koherentziari eustea kosta egiten zaio, eta egun osoa ia lokartuta ematen du. Ziegan berekin dagoen kideak esan behar izaten dio bazkaltzera joan behar duela ere».
Halako egoerak amaitu, gaixo daudenak, zigorra betea dutenak eta hiru laurdenak bete dituztenak askatu, eta besteak Euskal Herriratu ditzatela eskatzeko, mobilizatzeko eskatu dute senideek.
Espetxeetako «gertakari larriak» salatu ditu Etxerat-ek
Frantziako hainbat espetxetan euskal presoak etengabe zigortzen eta bakartzen ari direla ohartarazi dute senideekMuturreko egoera horiek amai daitezen, mobilizatzeko eskatu diete herritarrei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu