Baldintzarik gabeko espetxealdira bidali ditu epaileak Aintzane Pujana donostiarra hiltzea leporatuta duela hiru egun atxilotutako bi pertsonak. Gizonezko bat eta emakumezko bat atxilotu zituen asteartean Ertzaintzak, Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) hilketarekin zerikusia zutelakoan, eta epailearen aurretik igaro ziren atzo; kartzelara bidali zituen iluntzean, homizidioa leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, elkarrekin bizi ziren bi atxilotuak eta Pujana, Aizarnazabalgo landetxearen apartamentu batean, eta urtarrilaren 2ko goizaldean, liskar gogor baten ondoren hil zuten.
Bi atxilotuak bikote dira: 24 urte ditu gizonezkoak, eta 23 emakumezkoak; Errenteriakoak dira (Gipuzkoa). Ertzaintzaren arabera, Pujanarekin bizi ziren Aizarnazabalgo landetxeko apartamentu batean. Ikerketak azaleratu duenez, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Kasua aztertzen ari den ikerlari taldeak, berriz, uste du gorpua Urola ibaiaren albora autoz eraman eta bertan utzi ostean Gipuzkoan zehar ibili zirela frogez desegiteko. Etxea ere goitik behera garbitzeko produktuak ere erosi zituzten, delituaren zantzuak ezabatzeko asmoz.
Pujanaren gorpua urtarrilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalen. Urola ibaiaren ertzean garbiketa egiten ari ziren langile batzuek topatu zuten, Etxabe Auzoan. Hala ere, biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa, eta Polizia biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen aritu da orduz geroztik. Gorpuari autopsia egin zioten Donostian, auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan. 32 urte zituen Pujanak, eta Donostiakoa zen; labankadaz hil zuten.
Festarekin loturarik ez
Hortaz, epaileak ondorioztatu du urtarrilaren 1ean hasi eta 2ko goizaldean segitutako haserrealdiaren ondorioz hil zuela bikoteak Pujana, eta Ertzaintzak zehaztu du andrearen hilketak ez duela zerikusirik gau hartan landetxe berean ospatzen ari zen Urtezahar gaueko festarekin.
Espetxean daude Aizarnazabalgo hilketagatik akusatutako biak
Baldintzarik gabe bidali ditu kartzelara epaileak. Hirurak elkarrekin bizi ziren, eta liskarraldi handi baten ondoren hil zuten, urtarrilaren 2an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu