Salhaketa elkarteak Nafarroan duen koordinatzailea da Libertad Frances (Buñuel, Nafarroa, 1985). Abolizionista da; kartzelak ez ezik, zigorraren kultura ere desagertzearen aldekoa da. Hala ere, bidean hainbat pauso eman daitezkeela azaldu du.
Zertarako sortu zen espetxearen instituzioa? Zer bilakaera izan du gaur egunera arte?
Ematen du egungo espetxeak beti existitu direla, baina ez da hala. Erdi Aroan bazeuden pertsonak itxita edukitzeko eremuak, baina giltzapetzea bera ez zen zigorra, baizik eta jendea atxikitzeko neurri bat, orduan zigorrak fisikoak baitziren, plazan gauzatuak. Kartzelak nahiko berriak dira, XVII-XVIII. mendekoak; kapitalismoa, Industria Iraultza eta Ilustrazioa garatzen hasi zirenekoak: pertsonen bizitzak balioa hartu ahala, ulertu zuten askatasuna kentzea zigor bat izan zitekeela. Denborarekin, egunera arte, pisua hartuz joan dira ahots humanistak, eta zabaldu da birgizarteratzeko erabili behar dela kartzela.
Oraindik ere salatzen da kartzela pobrezia eta migrazioa kontrolatzeko tresna bat dela. Nola egiten da hori?
Legeen bidez: pertsonak giltzapetzeko, aurrez definitu egin behar dugu zer den delitua eta zer ez, balio batzuk beste batzuen gainetik jarriz. Erabaki horietan sortzen da kontrola: mekanismoa ez da bakarrik kartzela, baizik eta zigor sistema osoa. Eta egun kondena betetzen ari direnen errealitateak erakusten digu pertsona horiek desberdintasun ekonomiko, sozial eta kulturalak jasaten dituztela. Horregatik diogu espetxea kapitalismoarekin jaio zela, orduan sortu zelako pobrezia arazo sozial gisa; pobreak kudeatzeko eratu zuten, sistema kapitalistan baliagarriak ez zirenak atxikitzeko. Hau da, jabetza pribatua legez babestu beharreko balioa zela ezarri zutenean, adierazi zuten dirurik edo jabetzarik ez zeukatenak —eta, ondorioz, jabetza pribatuaren aurkako delituren bat egin zezaketenak— kartzelara joango zirela.
Beraz, zer funtzio du kartzelak egun erakunde gisa?
Zalantzarik gabe, zigor modu bat da, eta ildo horretan, kontrol sozialerako tresna bat, beldurtzeko: inork ez du espetxera joan nahi. Baina, era berean, konponbide gisa saltzen da, gustuko ez ditugun jokabideak zigortzea legitimatzeko. Espainiako Konstituzioak dio kartzelaren helburu nagusia birgizarteratzea dela, baina praktikan funtzio hori bigarren mailan geratu da, edo desagertu egin da, lehentasuna eman zaiolako zigortzeari eta eredua jartzeari, gizarteak ikus dezan zerbait txarto egiten duenak kondena bat jasoko duela. Birgizarteratzea bera auzitan jartzekoa da: horrelako itxialdi baten bidez pertsona bat aske bizi daitekeela planteatzea oso zalantzazkoa da, ezin direlako uztartu bakartzea eta birgizarteratzea.
Hain justu, kartzelak gaixotzen duela salatu dute eragileek.
Ikerketek frogatu dute espetxeak berez eragiten duela bazterketa, eta patogenoa dela: espetxeratuta egoteak berak kalte egiten die zentzumenei, adibidez, eta hondatze fisiko horrek buruko gaitzak ekarriko ditu gerora. Jokabideetan ere eragiten du: gizartetik aldentzea dakar, baita norbere arduretatik ere. Pertsona bat, preso dagoenean, pertsona sentitzeari uzten dio, zenbaki bat bihurtzen delako: aginduak bete behar duen beste bat. Indibidualtasuna desagertzen da, eta norbere identitatea ere galdu egiten da. Gainera, bere bizitza ez dago bere esku: ez du ezer erabakitzen, ez du erantzukizunik bere eguneroko bizimoduan; neurri batean automata bihurtzen da, eta hori ez da ona geroko bizitza askerako.
Kartzela konponbide gisa edukitzea traba al da delituen prebentzioaz eztabaidatzeko?
Bai, gure iruditeria mugatzen du: barneratua dugu kartzela hor dagoela. Dena den, ez dut ukatuko prebentzioan inbertitzen dela, baina zigor eta espetxe sistema sostengatzera bideratzen diren baliabideak prebentzio politiketan inbertituko balira, beste egoera bat legoke. Halere, prebentzioa ez da nahikoa, egiturazko aldaketak behar dira: sistema kapitalista eta patriarkalaren oinarrian dauden desberdintasun guztiak desagerrarazi. Delitugileak ez ezik, gizarteak ere badu ardura: desberdintasun handietan oinarritutako gizartea egin dugu.
Hainbat herrialdetan pribatizatzen ari dira kartzelen kudeaketa. Hona iritsiko al da hori?
Zigor sistemarekin lotutako zerbitzu batzuk pribatizatuta daude: adingabeen zentroak, adibidez. Espetxeak oraindik publikoak dira, nahiz eta atea ireki dioten zerbitzu batzuk pribatizatzeari: kanpoko segurtasun kontrola enpresa pribatuen esku utzi dute. Edonola ere, negozio errentagarriak dira espetxeak: makrokartzelak egitean, lurrak erosiz eta azpiegiturak eraikiz negozio handiak egiten dira; segurtasunarekin lotutako tresneria guztiarekin ere bai; Espainiako Estatuko espetxe guztietako telefono kabinak Telefonicarenak dira, eta Santander bankuak kudeatzen ditu presoen diru kontu guztiak... Alegia, enpresa handi askok ateratzen diote etekina kartzelari.
Nolakoa izango litzateke kartzelarik gabeko mundua?
Ez dakigu seguru. Gogoan izan behar dugu Zigor Kodeak gatazka sozialak jasotzen dituela: lesio delitu bat bi pertsonaren arteko borroka bat da; genero indarkeria harreman eta berdintasun arazo bat da... Horiek kartzela zigorrik gabe konpontzen asmatu dugula adieraziko luke espetxerik gabeko munduak.
Planteamendu hori kartzela desagerrarazteaz harago al doa?
Batzuek espetxeak abolitzea proposatzen dute; beste batzuek, zigor sistema osoa abolitzea; eta guk zigor kultura ere abolitzea planteatzen dugu, hori baitago sistemaren oinarrian. Puntu horretara iritsi gabe ere, nik ez dut oztoporik ikusten bihar bertan kartzela guztiak ixteko. Badago psikosi moduko bat, espetxeak itxiz gero kalea pertsona arriskutsuz beteko liratekeela, baina hori desegin behar dugu, ezjakintasunean oinarrituta dagoelako: ez dator bat espetxeratuen errealitatearekin. Bidea nola egin ere pentsatu behar dugu: alternatibak bilatu behar dizkiogu zigorrari.
Trantsizio horretan zer urrats egin daitezke?
Hasteko, kartzeletan ezin dira giza eskubideak sistematikoki urratu; eta ezin da bizi osoko zigorrik egon. Ikerketa batzuek baldin badiote 10-15 urteko espetxealdiek ezin itzulizko eragina dutela pertsonengan, ezingo genuke onartu inor kartzelan hainbeste denbora egotea. Bestalde, zigorraren funtsa baldin bada askatasuna kentzea, ez du zertan ekarri gertukoekiko harremana hain murriztuta edukitzea. Eta helburua ezin da izan ahalik eta denbora gehiago egotea giltzapetuta, baizik eta ahalik eta gauza gehien egitea kanpoan: espetxeetara ikastaroak sartu ordez, presoak atera daitezela halakoak egitera.
Kartzela. Elkarrizketa. Libertad Frances. Salhaketako kidea
«Espetxeak negozio errentagarriak dira»
Kartzelak eta zigorrak guztiz desagerraraztearen alde dago Libertad Frances, «kontrol sozialerako tresna bat» direlakoan. Azaldu du espetxea erakunde «nahiko berria» dela, kapitalismoak sortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu