Preso eta iheslari kopuruak behera egin ahala, gora egin dute preso eta iheslari ohiek, eta, espetxe politiketan egindako aldaketen eraginez, horien etxeratze bideen kasuistikak ere askotarikoagoak dira. Horrek testuinguru berrira egokitzea eskatu dio Harrera elkarteari ere, eta aldaketa horren lekuko izan zen elkartearen maiatzeko batzarrean irudikatutako erreleboa. Josu Amantesek (Bilbo, 1960) eta azken urteetan lehen lerroan aritutako beste zenbait kidek pauso bat eman dute albora, Idoia Martinez (Arrigorriaga, Bizkaia, 1968) parte den lan taldeari leku egiteko: «Harrera sare bat da. Aurrera ateratzen laguntzen du, egonkortasuna lortu arte. Baina, atzetik beste bat dator, eta horri laguntza emango dio aurrez jaso duenak».
Kartzelatik ateratzean ez dira bukatzen espetxealdiaren eraginak. Hain zuzen, hor hasten da zuen lana.
JOSU AMANTES: Helburu jakin batekin sortu zen Harrera: laguntzea euskal gatazka politikoaren ondorioz espetxean egondako euskal herritarrei. Irtetean, goian zerua eta behean lurra geratzen ziren, eta ideia zen laguntza integrala ematea. Alor juridiko eta administratiboan, osasun arloan, baita laguntza ekonomikoa bermatzea ere, batez ere lehen hilabeteetan.
IDOIA MARTINEZ: Ospatzen da itzulera, baina gero eguneroko bizimodua dator. Hori ez da erraza; behar handiak daude, gero eta gehiago. Presoak gero eta edadetuago ateratzen dira, baita erbestetik bueltatzen direnak ere. Batzuk, gainera, gaixotasun kronikoekin itzultzen dira. Orduan, eguneroko bizimoduari aurre egiteak prozesu batzuk eskatzen ditu; prozesu psikologikoa, prozesu familiarra, ekonomikoa...
Zer zailtasun dituzue prozesu horretan?
AMANTES: 250 pertsona ingururi lortu diegu lana, baina lan horiek behin-behinekoak dira, ez iraunkorrak. Zaila bada edonorentzat lana topatzea, pentsa espetxean 20 edo 30 urte eman dituenarentzat. Ez dute esperientziarik, eta ez diete lanik ematen. Eta lanik ematen ez dietenez, ez dute esperientziarik. Gurpil zoro bat da, eta oso zaila da hortik irtetea.
Adinarekin lotutako beste auzi bat da pentsioena.
MARTINEZ: Asko ez gara iritsi hamabost urte lan egitera; hori da kotizatu beharreko gutxiengoa. Beraz, batzuetan Harrerak kudeatu behar du laguntza, baina pertsona kopurua handia da, eta, ekonomikoki, ezinezkoa da dauden behar guztiei aurre egitea. Pentsatzen dugu politikoki aurre egin behar zaiola. Gatazkaren ondorio bat da, eta, gizarte gisa, kontuan hartu behar dugu.
AMANTES: Saiatzen gara bideratzen, paga ez-kontributiboak eskuratzeko, DSBE [diru sarrerak bermatzeko errenta] lortzeko... Eta beste kasu batzuetan, Harrerak hartzen ditu bere gain laguntzak. Bestela, ezin izango lirateke duintasunez bizi.
«Eguneroko bizimoduari aurre egiteak prozesu batzuk egitea eskatzen ditu; prozesu psikologikoa, prozesu familiarra, ekonomikoa...».IDOIA MARTINEZ Harrera elkarteko kidea
Egun, preso gehienak Euskal Herrian daude, eta, besteak beste, hirugarren gradua ezartzen diete.
AMANTES: Hortik dator ziklo aldaketa. Gaur egun kasuistika asko daude.
MARTINEZ: Behar berriak agertu dira. Presoak, gehienetan, ez dira zigorra bukatuta ateratzen: 100.2.a, baimenak, hirugarren gradua, irteera programatuak... Horrek kalea zapaltzeko aukera ematen die, baina eguneroko bizimoduan beste behar batzuk sortzen ditu: garraioa, boluntariotzak, lan kontratuak... Horri aurre egiteko, Harrerak birmoldaketa bat behar du.
Eta nola helduko diozue etapa berri honi?
MARTINEZ: Hasteko, sakondu nahi dugu Harrerak orain arte egindako lanean; horri esker, laguntza eman zaigu askori. Eta behar berriei aurre egiteko bitartekoak bilatzen ere ari gara; adibidez, Donostian pisu bat hartu du Harrerak. Lan arloan ere ari gara; orientazio lana ere egin nahi dugu espetxeetan.
Eta gaur egun, zenbatek jasotzen dute laguntza?
MARTINEZ: Orain, laguntza jasotzen dute baldintzapean aske dauden hamahiru pertsonak; hirugarren graduan dauden hemezortzik; 86.4. artikulua aplikatzen zaien beste hamazazpik; eta bigarren graduan 100.2.arekin dauden hemeretzik. Horiei batu behar zaizkie azken urteetan atera direnak.
AMANTES: Azken urteotan, 700 pertsonari baino gehiagori lagundu diegu, eta ia hiru milioi euro gastatu dugu. Baina, egoera berriarekin, konturatu gara gastua modu esponentzialean doala gora.
«Ia hiru milioi euro gastatu dugu. Baina, egoera berriarekin, konturatu gara gastua modu esponentzialean doala gora».
JOSU AMANTES Harrera elkarteko kidea
Bazkideak dira zuen oinarrietako bat. Zenbat dituzue gaur egun?
AMANTES: 3.000 bazkide inguru ditugu, eta beste hainbait laguntzaile; elkarteak daukan baliabiderik preziatuena dira. Aipatzekoa da orain arteko lehendakariek ─Andoni Iturriotz, Sebas Barinagarrementeria eta Eba Ferreira─ egindako lana ere, eta elkartearen sorreran egondakoena. Jendea oso ondo portatu da; ulertzen du zer gertatzen den. Beraz, ea jende gehiago animatzen den, denen laguntza beharko baita.
Instituzioekin harremanik izan duzue lanketa horretan?
AMANTES: Alderdiekin eta administrazioarekin harremanak izan ditugu, baina ziklo berri honetan berpiztu egin beharko dugu dinamika hori. Saiatu behar gara instituzioen inplikazio zuzenagoa lortzen. Alderdi politikoek ere parte hartu beharko dute konponbide integral batean.
MARTINEZ: Hori da egin dugun burutazioetako bat: euskal gizarte osoari dagokio zeregin hau. Instituzioak eta eragile sozialak interpelatuko ditugu. Gatazka politikoaren ondorioz espetxea edo erbestea jasan duten pertsonen bizitzak erdigunean jartzea da gure asmoa. Bizitzak erdigunean jartzea, mugimendu feministak esaten duen moduan.
Azaroan ezohiko batzar bat egiteko asmoa duzue. Han aurkeztuko duzue aurrera begirako planteamendua?
MARTINEZ: Jorratu beharreko ildoak prestatzen ari gara plan berri batean, eta batzar horretan aurkeztuko ditugu. Batetik, harremanen arloan sakondu nahi dugu. Bestetik, bitartekoak jarri, egoera berriei erantzuteko. Baita preso eta iheslari ohien errolda berritu ere, egoera prekarioak detektatu ahal izateko.