Europako Batasuneko beste estatu batzuetan betetako espetxe urteak aintzat hartzeko lege erreforma berehala onartu behar da. Atzo, Espainiako Senatuan duen gehiengoa baliatuta, PPk erreformaren kontra egin zuen, Voxen eta UPNren babesarekin. Kongresuko mahaiak, ordea, gaur bertan erantzun dio aferari, eta, ganberako letratuen txosten bat aintzat hartuta, berretsi du neurria ahal bezain laster argitaratu behar dela BOE Espainiako aldizkari ofizialean.
Atzo Senatuan hartutako erabakiak ez du eragin praktikorik, aurreko pausoetan PPk eta gainerako taldeek testua babestu zutelako. Baina PPk ate bat zabalik utzi nahi izan du neurriaren aplikazioa atzeratzeko.
Bozketaren emaitzak ezagutarazi ostean —111 erreformaren alde, 148 kontra eta bi abstentzio—, Pedro Rollan (PP) Senatuko presidenteak ondorioztatu zuen ganberak «betoa» jarri ziola erabakiari eta erreforma Kongresura itzultzeko eskatu zuen, Senatuko legelariei eskatutako txosten batean oinarrituta. Kongresuko zerbitzu juridikoek, ordea, kontrakoa diote.
Rollanek azken orduan aipatu zuen txosten hori ez zen atzo arte ezagutu, eta ostiraleko data dauka. Horren arabera, gertatutakoak ez du aurrekaririk. «Ez da inoiz gertatu Senatuak testu bat gehiengo osoz baztertzea, betorik eta zuzenketarik aurkeztu gabe. Beraz, Senatuaren Erregelamenduaren 106.1 artikuluarekin bat etorriz, betotzat jo daiteke, eta, beraz, testua Kongresura itzuli behar da». Era batera edo bestera, eskaera horrek ibilbide motza izan du.
Betebeharra
7/2014 lege organikoaren erreforma ez da indarrean sartuko BOEn argitaratu arte. Orduan, Espainiako auzitegiek aintzat hartu beharko dituzte presoek EBko beste herrialdeetan betetako espetxe zigorrak. Hura osatzen duten estatu guztiek 2008tik bete behar dute neurri hori, baina 2014an Espainiako Gobernuak lege bat egin zuen euskal preso batzuei —2010a baino lehen zigortutakoei— berariaz ez aplikatzeko.
Hala, Etxerat-en arabera, egun espetxeratuta dauden 44 euskal presori ez zaizkie aintzat hartu Frantzian betetako espetxe urteak, eta, Espainiaratu ostean, epaitu eta espetxe urteak hutsetik zenbatuta ari dira espetxealdia betetzen.
Europako erakundeek belarritik tira egin izan diote Espainiari araudi komunitarioa ez aplikatzeagatik. Aurretik EAJ eta EH Bildu saiatu izan dira legea erreformatzen. 2018an egin zuten azken ahalegina, baina PSOEk ez zuen babestu. Orain, Sumarrek bultzatu du lege erreforma, eta, sozialisten babesa ez ezik, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten talde guztiena ere jaso zuen irailaren 18an. Aurretik, Kongresuko lantaldean eta Justizia Batzordean ere gauza bera gertatu zen; ez PPk ez beste inork ez zuen zuzenketarik aurkeztu. Horregatik, Senatuak aurka bozkatu arren, erabaki horrek ez du ondoriorik izango.