Espetxe urteak murrizteko erreforma Kongresura itzuli nahi du PPk

PPk neurriaren aplikazioa atzeratu nahi du, eta Senatuak neurriari «betoa» jarri diola argudiatzen duen txosten bat aurkeztu du. EAJk eta EH Bilduk gogoratu dute euskal presoek beste presoen eskubide berberak dituztela.

Mari Mar Blanco, negarrez, PPko gainerako senatarien babesa jasotzen. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Mari Mar Blanco, negarrez, PPko gainerako senatarien babesa jasotzen. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
jokin sagarzazu
2024ko urriaren 14a
14:25
Entzun

Gaur bozkatu dute Espainiako Senatuan Europako Batasuneko beste estatu batzuetan betetako espetxe urteak aintzat hartzeko lege erreforma, eta PPk han duen gehiengoa baliatu du, Vox eta UPNren babesarekin, erreformaren kontra egiteko. Erabakiak ez zuen eragin praktikorik izan behar, aurreko pausoetan PPk eta gainerako taldeek testua babestu zutelako. Baina PPk ate bat zabalik utzi nahi izan du neurriaren aplikazioa atzeratzeko.

Bozketaren emaitzak ezagutarazi ostean —111 erreformaren alde, 148 kontra eta bi abstentzio—, Pedro Rollan (PP) Senatuko presidenteak ondorioztatu du ganberak «betoa» jarri diola erabakiari eta, Senatuko legelariei eskatutako txosten batean oinarrituta, erreforma Kongresura itzultzeko eskatu du.

Txosten hori ez da gaur arte ezagutu, eta ostiraleko data dauka. Horren arabera, gertatutakoak ez du aurrekaririk. «Ez da inoiz gertatu Senatuak testu bat gehiengo osoz baztertzea, betorik eta zuzenketarik aurkeztu gabe. Beraz, Senatuaren Erregelamenduaren 106.1 artikuluarekin bat etorriz, betotzat jo daiteke, eta, beraz, testua Kongresura itzuli behar da». Ikusteko dago eskaera horrek zer ibilbide egin dezakeen, PSOEk ukatu egin baitu betorik ezarri izana.

7/2014 lege organikoaren erreforma ez da indarrean sartuko BOE Espainiako aldizkari ofizialean argitaratu arte. Hori egitean, Espainiako auzitegiek aintzat hartu beharko dituzte presoek Europako Batasuneko beste herrialdeetan betetako espetxe zigorrak. Europako Batasuneko estatu guztiek 2008tik bete behar dute neurri hori, baina 2014an Espainiako Gobernuak lege bat egin zuen euskal preso batzuei —2010a baino lehen zigortutakoei— berariaz ez aplikatzeko.

Hala, Etxerat-en arabera, egun espetxeratuta dauden 44 euskal presori ez zaizkie aintzat hartu Frantzian betetako espetxe urteak, eta, Espainiaratu ostean, epaitu eta espetxe urteak hutsetik zenbatuta ari dira espetxealdia betetzen.

Europako erakundeek belarritik tira egin izan diote Espainiari araudi komunitarioa ez aplikatzeagatik. Aurretik EAJ eta EH Bildu saiatu izan dira legea erreformatzen. 2018an egin zuten azken ahalegina, baina PSOEk ez zuen babestu. Orain, Sumarrek bultzatu du lege erreforma, eta, sozialisten babesa ez ezik, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten talde guztiena jaso zuen irailaren 18an. Aurretik, Kongresuko lantaldean eta Justizia Batzordean ere gauza bera gertatu zen; ez PPk ez beste inork ez zuen zuzenketarik aurkeztu. Horregatik, Senatuak aurka bozkatu arren, erabaki horrek ez luke ondoriorik izan behar.

PPren «barkamena»

Azken tramitea katramilatzeko PPk egindako ahaleginaren azken atala baino ez da izan gaurkoa. Aurreko astean Senatuan bozkatzekoa zen egitasmoa egun batzuk atzeratzea baino ez du lortu, eta gaurko saioan gobernuari leporatu dio denbora hori baliatu ez izana «egindako akatsa zuzentzeko». Egunotan alderdi sozialistako kideek argi utzi dute ez zutela atzera egingo, Bruselak lege erreforma egitera behartzen duelako, eta PPk eta aurka dauden gainerako taldeek aurretik aukera izan zutelako zuzenketak aurkezteko eta ez zutelako egin. Horixe bera gogorarazi die Elena Diego senatariak gaurko saioan.

PPren izenean, Marimar Blanco senataria eta 1997an ETAk hildako Miguel Angel Blanco Ermuko (Bizkaia) zinegotziaren arrebak hartu du hitza. «Barkamena» eskatu die ETAren indarkeriaren biktimei, erreformaren tramitazioan ez direlako ohartu izango duen eraginaz. Atsekabetuta agertu da horregatik, baina Pedro Sanchezen gobernuari leporatu dio gertatutakoaren ardura. «Modu ezkutu eta miserable batean sartu digu ziria».

Blancok azpimarratu du testua Sanchezek EH Bilduko buruzagi Arnaldo Otegirekin egin duen «itunaren» emaitza dela, eta gaineratu du Espainiako gobernuburua «harro» sentitzen dela «terroristen kateak apurtzeagatik». Antzera mintzatu da UPNko Maria Caballero. «Neurri hori hartzea biktimei traizio egitea da».

EAJko eta EH Bilduko eledunek gogoratu dute euskal presoek beste presoen eskubide berberak izan behar dituztela. Igotz Lopez jeltzaleak esan du lege erreforma honekin ez direla zigorrak murriztuko, «zigor bera beste herrialde batean bete delako». Adierazi duenez, PP eta Vox horren jakitun dira, eta ezbaian jarri du haien argudioen sinesgarritasuna. «Ez dut sinesten engainatuak izan zaretelako teoria».

Gauza bera esan die EH Bilduko Gorka Elejabarrietak ere. «Uste dut lege erreformaren alde zaudetela, baina iritzia aldatu duzuela neurriak euskal presoei ere eragingo diela ohartu zaretenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.