Euskal presoak

Espetxe politikaren aldaketa «sendotzeko», manifestaziora deitu du Sarek larunbaterako

ETAk jardun armatua eten zueneko hamargarren urteurrenaren bezperan, eskubide urraketa guztiei irenbidea emateko eskatu du plataformak. Manifestazioa 17:00etan aterako da, Antiguako tuneletik. Baieztatu du, besteak beste, Kataluniako preso politikoen ordezkaritza bat egongo dela, eta Gatibuk emanaldia egingo duela amaieran.

Sareren agerraldia gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko urriaren 19a
13:35
Entzun

Sare plataformak agerraldia egin du gaur goizean Donostian, ETAk jardun armatua eten zueneko hamargarren urteurrenaren bezperan. Bertan, espetxe politikaren aldaketa «sendotzeko premia» nabarmendu du, eta eskubide urraketa guztiei irtenbidea emateko eskatu; espetxe politikarekin eta biktima guztien aitortzarekin lotutakoei. Adierazi duenez, egoera «ezin da gehiago luzatu»: «Bizikidetza lortzeko ezinbestekoa da konfrontazioz eta sufrimenduz lotutako kapitulu hau ixtea». Eskubide urraketak amaitzeko, manifestaziorako deia egin du larunbaterako, eta, herritarrez gain, eragileei ere parte hartzeko deia egin die.

Sareren arabera, hamar urte hauetan «aukera paregabea» zabaldu da bizikidetzan eta bakean «aurrera egiteko», baita pertsona guztien sufrimendu eta giza eskubideekiko errespetuan «aurrera egiteko» ere. Baina azaldu du «aurrerapen batzuk» egon diren arren aukera hori «erdizka aprobetxatu» dela; besteak beste, «inork» ez zuelako espero gaur egun ere euskal presoek bizi duten eskubideen urraketaren aurka «konponbide justurik» ez egotea. Horrekin batera, Sarek eskerrak eman dizkie urte hauetan «modu arduratsuan eta ahalegin handia eginez» aurrerapauso bat emateko aukera «aprobetxatu» duten guztiei.

Plataformaren ustez, ETAren ekinbidearen amaierak «salbuespen legediaren amaiera» ekarri behar zuen, baina «urruntzeari eutsi egin zaio»: 104 preso daude Euskal Herritik kanpoko espetxeetan, «etxetik batez beste 250 eta 600 km arteko distantziara». Preso horien senideek egin behar dituzten bidaia luzeez gain, salbuespeneko espetxe politika «eragin negatiboa» duen beste arlo batzuetan ere aplikatzen da: hamar preso daude espetxeko hirugarren graduan, eta 70 preso inguru egon beharko lirateke egoera horretan; presoen %90ek espetxeko baimena hartzeko eskubidea dute, baina «ez zaie baimenik ematen», eta Auzitegi Nazionalak ezartzen duen «blokeoa» jasaten ari dira. Horregatik, egoera horren aurka eta gainerako kasu guztietan «justizia eta bihozberatasuna» eskatu ditu Sarek.

Plataformako bozeramaileek adierazi dute Sarek «oso modu baikorrean» hartu dituela Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak atzo Aieten eginiko adierazpenak. Bego Atxa bozeramaileak Sareren «aitorpen eta babes osoa» adierazi die ezker abertzaleak egindako adierazpenei; «zubiak eraikitzen jarraitzeko aurrerapausoak» baitira. Gaineratu du «ondo» legokeela «gainontzeko indarkeriari babesa eman diotenek» ere horrelako aldarrikapenak egitea. Joseba Azkarraga bozeramaileak ere adierazi du atzo esandakoa bizikidetza lortzeko «pauso garrantzitsua» izan dela.

Agerraldian, gainera, larunbatean Donostian egingo den euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei eta herriko ordezkari sindikal, politiko eta sozialei. Manifestazioa 17:00etan aterako da, Antiguako tuneletik, eta Bulebarrean amaituko da. Plataformak baieztatu du, besteak beste, Kataluniako preso politiko ohien ordezkaritza bat egongo dela, eta Gatibuk emanaldia egingo duela amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.