Espetxe politika nola aldatu

Presoek dituzten trabak salatu dituzte Buesa fundazioaren mintegi batean. De Castro epaileak uste du ETA desegiteak ez duela frogatzen presoek erakundearekin hautsi dutela

Espetxe politikari buruz atzo arratsaldean egindako mahai inguruan Miren Ortubai (moderatzailea), Adela Asua eta Julian Rios. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako espetxe politikari buruzko eztabaida mahai gainean dago ETAk desegiteko erabakia hartu zuenetik, eta gero eta gehiago dira politika horretan aldaketak egiteko beharra aldarrikatzen duten gizarte sektoreak. Eztabaida horri heldu dio Fernando Buesa Fundazioak ere, mintegi batean. Biktimak eta espetxe politika: esperientziak eta etorkizuneko erronkak lelopean, atzo eta gaur ari dira egiten jardunaldiak, Gasteizen.

Gizarteratze politikak, euskal presoen gradu aldaketak eta espetxe onurak hizpide izan zituzten atzo arratsaldeko mahai inguruan. Adela Asua EHUko Zigor Zuzenbideko katedraduna, Julian Rios abokatu eta irakaslea eta Jose Luis de Castro Espaniako Auzitegi Nazionaleko Zaintza Espaitegiko epailea gonbidatu zituzten gaiaz solastatzeko —De Castrok ezin izan zuen han egon, eta bideo batean grabatu zuen bere ekarpena—.

Asua eta Rios bat etorri dira bi ideiatan: batetik, presoen hainbat oinarrizko eskubide urratzen dituela egungo espetxe politikak, eta, bestetik, euskal presoei ezin zaiela exijitu autokritika egiteagradu aldaketak eta espetxe onurak lortu ahal izateko.

Etorkizun «hobea» eraiki nahi bada eta indarkeriazko aroari «amaiera duina» eman nahi bazaio, gizarteratze politika egokiak martxan jarri behar dira kartzelatik irteten diren pertsonentzat, Asuak nabarmendu duenez:«Eskubidea dute gizarteratzeko, giza duintasunagatik». Haren esanetan, presoen espetxe zigorrak mugatu behar dira, eta estatuak baliabideak eskaini behar ditu askatasuna berreskura dezaten.

Bidean oztopoak

Alabaina, gizarteratzeko bidea egin nahi duten preso askok oztopoak topatzen dituztela salatu du Asuak, eta aipatu zuen horietako bat dela eragindako saminaren aitorpena egitea. Gogoratu du legean ez dagoela jasota baldintza moduan, eta, beraz, presoari hori exijitzen zaionean «trabak» jartzen ari zaizkiola gizarteratzean. Legearekin ez du bat egiten eskaerak, justiziaren esparrutik at dagoen eremu bat da, eta hori ezin da baldintza gisa jarri preso bati espetxe onurak emateko, Asuaren ustez.

Biktimari eginiko kaltea konpontzen duen «justizia lehenaratzailearen» esparruan kokatu du Asuak autokritika hori. Ohiko justiziarekiko «modu paraleloan» doan justizia da hori, «zauriak sendatzeko baliagarria» izan daitekeena, baina ez duena lekurik zigor zuzenbidean, ohartarazi duenez.

Bestalde, Riosek euskal presoen aurka ezartzen den «mendeku» politika salatu du, bakartzea, sakabanaketa, gaixorik dauden presoak espetxean mantentzea eta gradu aldaketen ukazioa adibide modura jarrita. Azken horri helduta, gogoratu du euskal preso gehienak lehen graduan daudela, erregimen itxi batean, salbuespeneko neurri gisa, eta horrek espetxe legedia garatzea eragozten diela. «Erregimen itxi batean egunero 20-21 ordu egoteak eromena eragin dezake». ETA deseginda, preso gehienak lehen graduan mantentzeko arrazoirik ez dagoela ohartarazi du.

Bakea eraikitzeko modu bakarra da «legea zorrotz» aplikatzea, Riosek azpimarratu duenez. Besteak beste, ezinbestekotzat jo du urrunketa amaitzea «giza loturak sendotzeko», eta indarkeria alboratu duten presoei gradu aldaketa eta baimenak ahalbidetzea. Gainera, presoek ez ezik, estatuak ere eragindako samina onartu beharko luke bizikidetza bermatzeko, haren ustez.

Oso bestelako ikuspuntua eman du De Castro epaileak. Adierazi du ETAren desegiteak ez duela berez esan nahi presoek hautsi egin dutenik erakunde armatuaren helburuekin, ez eta haien «arrisku» maila desagertu denik ere. Nolanahi ere, gogoratu du espetxe bakoitzeko Tratamendu Batzordearen esku dagoela preso bakoitzaren gradu aldaketa eskaerak aztertzea, eta kasu bakoitza banan-banan aztertuta hartzen dituztela erabakirik «egokienak». Presoek onurak lortzeko, gainera, delituzko erakundearekiko harremanak etetea eta indarkeriari uko egitea ezinbesteko baldintzak direla esan du.

Etxerat elkarteko ordezkaritza bat egon zen atzo Fernando Buesa fundazioaren jardunaldietan, entzule modura. Patricia Velez eta Gorka Garcia Sertucha kideak han izan ziren. Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileak, berriz, sare sozialen bidez balioa eman dio Etxerat-en pausoari, eta «elkarbizitza eraikitzeko» neurritzat jo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.