Milaka lagun mendira irten ziren atzo Sarek antolatutako protestan parte hartzeko. Euskal Herri osoko 650 tontorretatik eskatu dute euskal preso eta iheslariak etxeratzeko. Gaur egun indarrean dagoen espetxe politika «bidegabea» dela salatu zuten, eta «elkarbizitzarako eta bakerako bidea» hartzeko borondatea agertu.
Aipatutako bidegabekeria bukatzeko «lehen urratsak» egiten hasiak direla esan zuten: «Euskal presoen gerturatzea hasia da; urruntze politika amaitzeko oraindik ere mugimendu sendorik egin ez arren, tantaka-tantaka distantzia laburtzen hasiak gara». Berdin graduen progresioari dagokionez: «Oso gutxika bada ere, ate berriak zabaltzen hasi dira».
Sarerentzat, orain arteko mugimenduak ez dira aski, baina «bide berriak zabaltzeko» baliagarriak izan daitezkeela uste dute. «Inoiz baino garrantzitsuagoa da kalean konponbidearen aldeko eta presoen etxeratze prozesua garatzeko nahia azaleratzea, gehiengoaren nahia. Bultzada hori gabe ez baita sekula etxerako bidea burutuko», esan zuten mendi tontorretan.
Presoen eta iheslarien afera konpontzeko bidea ez dela erraza izanen aurreikusi dute protestaren antolatzaileek. Nolanahi ere, ez ziren etsipenez mintzatu: «Badakigu bakera eta bizikidetzara daraman bidea harkaitz gogorrean ireki behar dela, pazientziaz eta irmotasunez. Baina ireki daiteke. Bai horixe». Helburua lortzeko, jendeari mobiliza dadin eskatu diote. Heldu diren hilabeteetan Izan Bidea egitasmoarekin jarraituko dute, dozenaka ekintza antolatuz.
Eredu «gizatiarragoa»
Bestalde, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak bihar sinatuko dute lau eskumen eskualdatzeko hitzarmena, eta, horren arabera, urriaren 1etik aurrera Jaurlaritzaren esku egongo da espetxeen eskumena. Hori ikusita, Jaurlaritzak garatuko duen eredua egungoa baino «gizatiarragoa» izatea nahi dute Eusko Legebiltzarreko alderdi gehienek.
Atzo Radio Euskadin eginiko eztabaidan, Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak esan zuen «kostata» betetzen ari dela Gernikako Estatutua, baina biharkoa aurrerapauso bat dela bide horretan. Iker Casanovak (EH Bildu), berriz, nabarmendu du Jaurlaritzak «tarte handia» izango duela espetxeen kudeaketa hobetzeko eta «ereduz aldatzeko». Eneko Anduezak (PSE-EE) PPri egin dio kritika, popularrak transferentziaren aurka daudelako.
Espetxe politika «bidegabea» salatu dute 650 menditako tontorretatik
Urruntze politika bukatzeko «lehen urratsak» egiten ari direla uste du Sarek, «tantaka» bada ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu