Espetxe politika aldatzeko presarik ez duela izango adierazi du PPk

PPk 'Parot doktrina' lege batean jasotzeko duen asmoa «populistatzat» jo du Caamaño Justizia ministroak

Erredakzioa
Iruñea
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
«Ez dago presarik». Inkesta guztiek abantaila handia ematen diotelako, mundu guztiak PP Espainiako Gobernuan ikusten du, eta zalantzak daude behin boterera iritsita zer asmo izango dituen. Azken egunetako mezuaren ildotik, Ignacio Cosido PPko Barne Segurtasuneko idazkariak adierazi du ez dutela espetxe politika aldatzeko presarik izango eta «zuhurtzia» aldarrikatu du: «ETA desegin eta barkamena eskatzen ez duen bitartean zuhurtzia izan behar dugu, zeren eta akatsik handiena litzateke orain erabakiak azkar batean hartzea». RNEri egindako adierazpenetan, Cosidok beharrezkotzat jo du «ados» jartzea beste alderdiekin.

Iragan astean, Ana Mato PPko Antolamendu idazkariak ukatu egin zuen PPk Parot doktrina «osorik» berrikusteko asmoa duela. Matok dio «kalkulatutakoa baino preso gehiago» aterako liratekeela kalera eta hori «oso larria» litzatekeela.

Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrina delakoaren inguruko epaia eman gabe du, eta baliogabetu ere egin dezake. Epai horren zain daudela, Francisco Caamaño Espainiako Justizia ministroak Ana Matori «populismoan erortzea» eta herritarrei iruzur egitea leporatu dio. Izan ere, haren ustez, Konstituzionalak ezer erabaki aurretik PPk ezin du doktrina hori lege bihurtu eta jada zigorra betetzen ari diren presoei ezarri: «Konstituzioaren aurkakoa litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.