Espetxe politika aldatzeko eskatu dute Espainiako Gorteetako hamar taldek

jon olano
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuan edo Senatuan 36 diputatu eta 33 senatari dituzten hamar talde politikok adierazpen bateratu bat argitaratu dute Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaren harira. Horretan, Espainiako Gobernuari eskatu diote amaitzeko «oraindik euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika», eta horren ordez ezar dezala «garai berrira egokitutako espetxe legeria: euskal presoen eskubideekiko errespetuzkoa izango dena, urruntzea amaituko duena eta horiek euskal espetxeetara lekualdatuko dituena, eta helburuotan oinarrituko dena: normalizazioan, baketzean eta euskal gizarteak eskatzen duen bizikidetzaren eraikuntzan».

EAJk, EH Bilduk, Geroa Baik, ERCk, Junts Per Catalunyak, Mas Paisek, BNGk, Compromisek, Mes per Mallorcak eta CUPek izenpetu dute adierazpena. Gogorarazi dutenez, ohiko espetxe legeriari jarraituz, Gonzalez Solak kalean behar zuen aurtengo martxoaz geroztik, beteak zituelako zigorraren hiru laurdenak. Gaineratu dute presoa gaixo eta tratamenduan zegoela, eta, beraz, tratamendu hori kartzelatik kanpo jasotzeko aukera izan behar zuela: «Askatasunez gabetutako pertsonen bizitzak zaintzeko betebeharra dauka estatuak, eta hori ez da bete kasu honetan. Presoaren eskubideen urratze horiek eragin dute espetxean hiltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.