Foro Sozial Iraunkorrak kezka adierazi du «presio handiko lobby batek gero eta eragin handiagoa» duelako: «Lobby hori iraganeko logiketan oinarritua dago, eta gai honetan egin beharreko urratsak baldintzatu nahi ditu, batez ere politika instituzionalean, baina baita ebazpen judizialak edo administratiboak ere». Azaldu du lobby horrek «eragile politikoak, asoziatiboak, mediatikoak, biktimen sektore antolatuak eta fiskaltzaren eta epaileen sektoreak» biltzen dituela. Biktimen elkarte batzuen jarrerarekin ere kezka du foroak, «biktima bakoitzak bere minaz egiten duen kudeaketarekiko erabateko errespetuz, elkarte batzuk interes partikularra eta interes orokorra nahasten ari direlako».
Espetxe politikaren inguruan etzi Madrilen egitekoak diren jardunaldi baten berri ematearekin batera ezagutarazi du foroak lobby horren presentzia. Foro Sozial Iraunkorrak, Ezkerreko Abokatuen Foroarekin (FAI) eta Justizia Administrazioaren Letraduen Sindikatuarekin (SISEJ) elkarlanean, espetxe politikari buruzko jardunaldi bat antolatu du Madrilen datorren ostegunerako. Ecoo espazioan egingo dute topaketa, 16:00etatik aurrera, izenburu honekin: Euskal Herria: espetxe politika berri bat normaltasun berri baterako.
Irekiera hitzaldia Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu emerituak egingo du. Segidan, Motibazio Politikoko Delituengatik Zigortutako Presoei Ezarritako Espetxe Politikaren Behatokiaren ondorio batzuk aurkeztuko ditu Aitzol Asla Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kideak, eta bi mahai inguru egingo dituzte ondoren. Aurrenekoan, Nola igaro salbuespenezko espetxe politika batetik espetxe politika normalizatu batera? galderari erantzungo diote Javier Mira, Silvina Ribotta eta Xabier Etxebarria irakasleek, eta Amaia Izko abokatuak; bigarrenean, berriz, Marta Vicente Demokraziaren aldeko Epaileak elkarteko kidea, Daniel Amelang Abokatuen Elkarte Askeko kidea eta Marta Urbano SISEJeko kidea ariko dira hizketan Balio demokratikoak eta espetxe sistema espainiarra, aro berri bat izenburupean, Juan Moreno FAIko kideak zuzenduta.
Foro Sozial Iraunkorrak gogorarazi du bere helburuetako bat «Espainiako Estatuan espetxe politikaren aldaketaren aldeko iritzi korronte bat aktibatzea» dela, eta jokaleku horretan antolatu du Madrilgo topaketa: «Iraganean bahitutako dinamikak gainditzeko garaia iritsi dela pentsatzen duten hainbat demokrata espainiarrek pentsatzen dutena ozen eta argi adieraztea behar dugu».
Espetxe politika aldatzearen aurkako lobby bat dagoela ohartarazi du Foro Sozialak
Foroaren arabera, arlo horretako pausoak «baldintzatu» nahi ditu lobbyak. Espetxe politikaz topaketa bat egingo dute etzi, Madrilen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu