Egin Dezagun Bidea taldeak uste du bakerako bidean «urratsak egin nahi dituen gizartearen parte handi baten argazkia» izan zela larunbatean Bilbon egin zen manifestazio «historikoa», eta «pertsona olde handi batek» mezu argia bidali ziela Espainiako eta Frantziako gobernuei: «Berehalako aldaketa behar da espetxe politikan». Manifestazioaren aurreko asteetan ere herri eta auzoetan mobilizazio asko egin direla ohartarazi du, eta, hemendik aurrera, taldearen lana areagotu egingo dela: «Gaurtik aurrera, ugaldu eginen da toki guztietan».
Jon Garaik eta Fran Baldak eman dute asmoen berri, Iruñean egindako agerraldian. Presoen eskubideen aldeko lana herri eta auzoetara eramango dutela jakinarazi dute. Hasiak direla horretan, tokian tokiko herri bilguneen bidez. Nafarroan, esaterako, Egin Dezagun Bidea mugimenduaren 30 bat herri batzar sortu dira dagoeneko. Eta, azaldu dutenez, ehunka lagun daude antolatuta herri handienetan. Hori izango da taldearen lan molde nagusia hemendik aurrera, eta, herri bilgune horiek «herri bakoitzeko egoera larrienei» egingo die aurre. «Auzolan ederra antolatzen ari da herriz herri, auzoz auzo, gaixorik dauden presoen askatasuna eskatzeko, zigor osoa edo hiru laurdena bete dituztenen, zein behin-behineko atxiloaldian daudenak askatzea eskatzeko, sakabanaketa buka dadila galdegiteko», azaldu du Garaik.
Instituzioetara ere joko du taldeak. Nafarroako Parlamentuko lan bilkura batetan hartuko du parte laster, «alderdi guztiei eskatzeko herritar gehienak eskatzen ari direna», azaldu du bozeramaileak: «Urratsak egitea, atzera egiterik izanen ez duten pausoak, guztientzako bakea lortzeko». Hain zuzen, presoek zein haien senideek ere «bakea behar» dutela azaldu du. «Eta, gaur egun pairatzen duguna, gerran eta mendekuan oinarritutako espetxe politika da, egunero-egunero sufrimendua eragiten duena».
Sakabanaketa berehala amaitzeko premiaz ohartarazi du; presoen senideei istripuetan hiltzeko arriskua ere eragiten dielako, eta «gatazka humanizatzeari begira» egoera horiek amaitzea premiazkoa delako. Baina ez horregatik bakarrik. Presoak, hurbiltzea ez ezik, Euskal Herriko kartzeletan biltzea ere «funtsezkoa» dela uste du, haien artean antolatu, eztabaidatu eta ekarpenak egin ditzaten, «gainerako eragileekin batera konponbidea, bake finko eta iraunkorra lortzeko bidean».
Gaixo dauden presoak, zigor osoa zein 3/4ak beteak dituztenak eta behin behinean preso dituztenak berehala askatzeko eskatu, eta hori gauza dadin antolatzen jarraituko dutela azaldu du.
Legea ezartzea besterik ez direla eskatzen ari gogoratu du, datu adierazgarria emanda: «Salbuespen neurriak» alboratu eta legea ezartze hutsarekin, 50 nafar kaleratu ahalko lirateke gaur bertan.
Espetxe politika aldatu arte lana ugalduko du Egin Dezagun Bideak
Herri bilguneetan antolatuta, lekuan lekuko presoen egoerarik larrienei irtenbidea eman nahian arituko da, herri eta auzoetanLegea ezartze hutsarekin, 50 nafar gaur bertan aske geratuko lirateke, dioenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu