Espetxe kudeaketaren transferentziak «espetxe politika normalizatua» ahalbidetu beharko luke Foro Sozialaren iritziz

Gaur egungo egoeran «beharrezko urratsa» zela erran du Foro Sozialak. Konponbiderako premiazko agenda-n bigarren fasera pasatzeko aukera emanen duela erran du.

Tapia, Izko, Nazario Oleaga eta Olabarria Foro Sozialak espetxe eskumenari buruz 2018an egindako hitzaldian. FORO SOZIALA
2021eko maiatzaren 10a
15:19
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak espetxeen kudeaketaren eskumena transferitzea adostu izana «beharrezko urratsa» zela erran du Foro Sozialak. «Urrats horrek erraztu egin beharko luke espetxe politika normalizatua aplikatzea motibazio politikoko delituengatik kondenatutako pertsonei, eta oraindik indarrean dauden salbuespenezko neurriak amaitzea», adierazi du agiri batean.

2018ko irailean aurkeztu zuten Konponbiderako premiazko agenda Foro Sozialak, Sarek eta Etxerat-ek, eta hori izan da orain arte arlo horretan izan duten bide orria. Foro Sozial Iraunkorrak uste du lehenengo fasean konpondu gabe zeuden hiru gaiak ixteak —urruntze politikaren eta lehen graduaren amaiera eta espetxeen transferentzia— aukera emango duela agenda horretako bost puntuen gehiengoa ixteko. «Erabateko borondate politikoa egiaztatzeko aukera emango du, konponbidearen bigarren faseari aurre egin ahal izateko konfiantza giro nahikoa sortzeko, hau da, behin betiko ibilbidearen bigarren faseari aurre egiteko».

Izan ere, Foro Sozialaren hitzetan «adostasun instituzional eta politiko nahikoa» dago horretarako. Orain, gizarteratze plan bat definitu behar dela erran du, «erakunde publikoek gidatuta eta eragileekin adostuta», aukera emango diena presoei banakako gizarteratze ibilbidean laguntzeko, hau da, Foro Sozialaren hitzetan, 3. gradua lortzen eta gizarteratze prozesua gauzatzen laguntzeko. «Esan gabe doa konpromiso irmoa duela Foro Sozial Iraunkorrak diagnostikoak egiten, esperientziak partekatzen, gomendioak egiten eta beharrezkoak diren errazte lan diskretuak egiten jarraitzeko, testuinguru zail batean, gai honi irtenbide berritzaileak aurkitzen lagunduko duelakoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.