Gizon bat eta emakume bat dira Aintzane Pujana 32 urteko emakume donostiarra zena legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hiltzeagatik akusatutakoa. Gaur goizean jakin denez, espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak haietako bati, gizonezkoari. Aldiz, Pujana labanaz hil zuela aitortu zuen emakumezkoa gehienez hogei urtez zentro psikiatriko batean egotera zigortu dute eta hamar urteko espetxealdia ere ezarri diote. Ondokoak aplikatu dizkiote emakumezko akusatuari: nahasmendu psikikoaren inguruabar salbuesle ez-osoa eta aitortu izanaren inguruabar aringarria.
Lehen aldia da Gipuzkoan espetxe iraunkor berrikuzgarria ezartzen dutela.
Urola ibaiaren ertzean garbiketa lanak egiten ari ziren langileek topatu zuten Aintzane Pujana Etxeberriaren gorpua 2021eko urtarrilaren 4an. 32 urte zituen, eta Donostiakoa zen; labankadaka hil zuten. Errenteriakoak (Gipuzkoa) dira bi akusatuak, gizonezko bat eta emakumezko bat. 2021eko urtarrilaren 12an atxilotu zituzten bi akusatuak, eta Azpeitiko instrukzio epaitegiak prebentziozko espetxeratzea ebatzi zuen biendako, hilabete hartako 15ean.
Orduan egindako ikerketaren arabera, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Gorpua, baina, hilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan. Urola ibaiaren ertzean garbiketa egiten ari ziren langile batzuek topatu zuten. Hala ere, biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa, eta Polizia biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen aritu zen orduz geroztik.
Elkarrekin bizi ziren bi atxilotuak, eta Pujana, Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamentu batean. Ikerketak erakutsi zuenez, gorpua ibai ondoan utzi eta gero, Gipuzkoan zehar ibili zen bikotea, frogak ezkutatzeko. Etxea ere goitik behera garbitu zuten, delituaren zantzuak ezabatzeko.