memoria

Espetxe funtzionarioen aurkako jazarpenaz ikerlan bat egingo du Jaurlaritzak

Espero dute ETA jazarri zitzaien funtzionarioei buruzko lana 2022an prest egotea. Zaballara joan da Artolazabal, eta Maximo Casado 2000an hildako langilea omendu du.

Jaurlaritzako ordezkariak, Zaballara eginiko bisitan. IREKIA
jon olano
2021eko maiatzaren 25a
18:54
Entzun

Eusko Jaurlaritzak azterketa bat egingo du ETAren «jazarpen kriminala» jasan zuten espetxeetako funtzionarioen kolektiboaren inguruan. Jaurlaritzak gisa horretako beste azterlan batzuk egin izan ditu lehenago ere, eta asmoa da kartzelako funtzionarioei buruzkoa datorren urterako prest egotea.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikarako sailburuak gaur eman du ikerlana egiteko asmoaren berri, Zaballako presondegira (Araba) eginiko bisitan. Bertan, ETAk 2000ko urriaren 22an hildako Maximo Casado funtzionarioa omendu dute, eta Artolazabalek gogora ekarri ditu funtzionarioek «ETAren presioagatik eta bidegabekeriarengatik bizi behar izan zituzten garai zailak». «Oinaze hori ez ahazteko» egingo dute ikerlana, eta Deustuko Unibertsitateak gauzatuko du.

Saila berrantolatzen

Zaballako bisitan, Artolazabalekin batera izan dira Ana Agirre Justizia sailburuordea eta Eugenio Artetxe, Javier Landeta eta Jon Uriarte zuzendariak, urriaren 1etik aurrera espetxeen eskumena zuzentzeko ardura izango dutenak. Uriarteren ardura izango da langileen administrazio batetik besterako transferentzia zuzentzea; Landetarena, azpiegiturak eta baliabide orokorrak; eta Eugenio Artetxerena, espetxe arloko ekintza soziala eta kartzeletako barne erregimena.
Bestalde, Agirrek jakinarazi zuen sei funtzionario eramango dituztela sailera, eta horiek 30 langileko talde bat zuzenduko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.