GERNIKAKO ESTATUTUA

Espetxe eskumenaren transferentzia apirilean sinatuko dute

Jaurlaritzaren Autogobernu sailburuak esan du transferentzia batzuen negoziazioak «oso aurreratuta» daudela.

Olatz Garamendi eta Miquel Iceta, Madrilen. J.J. GUILLEN / FOKU
jon olano
2021eko martxoaren 3a
13:00
Entzun

Espetxeen kudeaketari eta funtzionamenduari buruzko eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko elkarrizketak «oso aurreratuta» daude, eta Jaurlaritzak espero du hori eta beste eskumen batzuk eskualdatzeko akordioa «aurki» ixtea. Hala adierazi du Olatz Garamendi Jaurlaritzaren Autogobernu sailburuak, Miquel Iceta Espainiako Lurralde Antolaketa ministroarekin batzartu ondoren eginiko agerraldian. Zehatzagoa izan da Iceta: azaldu du Transferentzien Batzorde Mistoa apirilean elkartuko dela akordioa sinatzeko.

Garamendi eta Iceta Madrilen elkartu dira, 10:00etan. Bilera «emankorra eta asebetegarria» izan da, Garamendiren hitzetan. Azaldu duenez, hiru eskumenen negoziazioak «oso aurreratuta» daude: espetxeetakoaz gain, errepideko garraioari eta ISSN kode bibliografikoari buruzkoak.

Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak urrian adostutako transferentzien egutegian, ordea, martxorako 11 eskumen eskualdatzea aurreikusi zutenz: aipatutako hirurez gain, 11 horien artean daude, besteak beste, aseguruak, segurtasuneko zerbitzu pribatuak, meteorologia, nekazaritza aseguruak eta itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa. Atzo, transferentzien egutegia betetzeko konpromisoa azaldu zuen Madrilek.

Garamendik gaineratu du bizitzeko gutxieneko diru sarreraren eskualdaketa «berehala desblokeatzeko konpromisoa» hartu dutela: «Beste materia batzuk eskualdatzeko lanean hastea proposatu dugu: immigrazioa, gure politika publikoak indartzea ahalbidetuko duena eta aldirietako trenbideak». Hurrengo blokean jasotakoak dira bi horiek, eta aurtengo urrirako beharko lukete Jaurlaritzaren esku.

Horrez gain, adostu dute portuen transferentzia zabaltzea, Ondarroako Itsas Distrituaren eraikina Jaurlaritzara eskualdatzea barne hartuta, eta «elkarlanean» arituko dira «langile publikoak egonkortzeko legezko erantzunak bilatuko dituzten formulak bilatzeko». Garamendik adierazi du Icetaren eta Espainiako Gobernuaren «akordiorako borondatea baloratzen eta estimatzen» dutela: «Konfiantza giro honetan jarraitzea espero dugu».

«Lehentasunez», zazpi eskumen

Bilera hasi baino lehen, Josu Erkoreka Jaurlaritzako lehendakariordea Euskadi Irratian mintzatu da transferentzien inguruan. Haren hitzetan, zazpi dira esku artean dituzten «lehentasunezko eskumenak». Espetxe kudeaketaren eskumenari buruz, esan du gaur egun transferentzia horrek ez duela «oztopo berezirik», «eskumen potoloa» dela, eta hori lantzeak «bere denbora» behar duela, baina aurrera doala. 

Bestalde, ELA kezkatuta agertu da espetxeen transferentziaren negoziazioetan langileen lan baldintzen «zehaztasunik eza» dela eta. Bide horretan, Garamendirekin eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batzartu zen sindikatua, eta proposatu zien sindikatuek parte hartuko luketen batzorde bat sortzea, «euskal espetxeen eredu gizatiar eta birgaitzaile berri baten diseinuari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko eta, bereziki, langileen eta haien lan baldintzen egoeraz aritzeko». ELAk salatu du oraindik ez dutela inolako erantzunik jaso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.