1979ko estatutuan jasota baina oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak transferitzeko egutegia eguneratu zuen urrian Espainiako Gobernuak, eta proposamen berria igorri zion Eusko Jaurlaritzari. Plan berriaren arabera, bi gobernuek martxorako itxiko dituzte bigarren blokeari buruzko elkarrizketak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan.
Gaur, Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi du bi gobernuek «bultzada handia» eman diotela eskumen hori eskualdatzeko prozesuari, alderdi nagusiak zehazten dituen zirriborro bat adostu dutelako. «Horrek agerian utzi du Espainiako Gobernuaren konpromisoa transferentzia hau gauzatzeko», erantsi du Jaurlaritzak.
Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendi eta Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministro Carolina Darias ari dira gaiaz hizketan, eta, Jaurlaritzaren arabera, aurrerantean negoziazioaren ardatza izango da zehaztea zeintzuk izango diren Jaurlaritzak bere gain hartzen dituen zereginak eta zerbitzuak, «baita instalazioen eta giza baliabideen baldintzak, eskubideak eta betebeharrak ere. Espetxeen antolaketa eta kudeaketa, zigorren betetzearen kudeaketa eta jarraipena eta presoen tratamendu eta sailkapen programak nola egin aztertuko dute bi aldeek».
Horrez gain, presoen artean gizarte eta lan arloa, gizarte ekintza, hezkuntza eta trebakuntza, eta prebentzioa eta droga mendekotasunak errehabilitatzeko bideak aztertuko dituzte. Bestalde, Espainiako Estatuak espetxe legeriaren exekuzioa beretzat gordetzen jarraituko du, «koordinazio neurriak ahalbidetuko badira ere».
Transferentzien egutegiko lehen blokean daude, besteak beste, aseguruak, segurtasuneko zerbitzu pribatuak, meteorologia, nekazaritza aseguruak, errepideko garraioa eta itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, aurrerapausoak egin dituzte ISSN kode bibliografikoa eta errepideko garraioari buruzko transferentzietan ere.