Espetxe eredua «errotik» alda dezala eskatu dio Salhaketak Jaurlaritzari

Justizia «errestauratiboa eta antipunitiboa» oinarri duen kartzela eredua proposatu du elkarteak. Eztabaida sustatu nahi du eragile sozial eta politikoen artean

Zaballako kartzela, Iruña Okan (Araba). JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak urriaren 1ean utziko du espetxe arloko eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku, eta haren egitekoa izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako kartzela eredu bat diseinatzea. Jaurlaritzak iragarria du euskal espetxe eredu berri bat izango dela eta «gizarteratzean eta justizia berrosatzailean» oinarrituko dela. Salhaketa elkarteak, ordea, dudan jarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren asmoa kartzela eredu berri bat sustatzea ote den. Gasteizen eskainitako agerraldi batean, Cesar Manzanos elkarteko buruak gogoeta egin zuen: «Jaurlaritzak ez badu erabateko aldaketarik planteatzen delituaren prebentzioan eta haren aurkako politiketan, indarrean dagoen ereduari jarraipena baino ez dio emango». Salhaketaren ustez, Jaurlaritzak espetxe eredua «errotik» aldatu beharko du ezarritako helburuak bete nahi baditu.

Kartzelak eta zigor sistema abolitzearen aldekoa da Salhaketa, eta xede horietan oinarrituta ondu du espetxe eredu berri baten inguruko proposamena. Manifestu batean bildu ditu espetxe eredu berri baterako ekarpenak, eta datozen asteetan zabalduko du dokumentu hori eragile sozial, politiko eta erakundeen artean, atxikimenduak biltzeko. Gizarte orientabiderako justizia errestauratibo eta antipunitiboaren euskal eredu berria izenburua du manifestuak, eta lerroburuak berak laburbiltzen du elkarteak espetxe ereduaz egiten duen planteamenduaren mamia: «Egungo espetxe eredua frankismotik dator; beraz, sakoneko aldaketak egin ezean, zume berberekin egindako saski berbera izango dugu».

Salhaketa ez da fio Eusko Jaurlaritzak zabaldutako mezuekin: «Ezin da gizarteratze eredu alternatibo bat sustatu eta aldi berean Zubietako makrokartzela eraikitzea justifikatu. Bateraezina da», ohartarazi zuen Manzanosek. Eta erantsi: «Benetan transferitzen dena kartzelen kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa da, baina presoak ez dira transferitzen, eta hori da funtsezko gakoa». Hala, Manzanosek azpimarratu zuen pertsonak espetxeratzea «negozio» bilaka daitekeela enpresa pribatu eta partikularrentzat.

Horrekin batera, zalantzan jarri zuen Jaurlaritzaren benetako helburua presoen gizarteratzea ote den. Manzanosek salatu zuen kartzela sistemak ez duela hori bermatzen: «Ezin da pertsona bat hezi eta gizarteratu libreki bizitzeko askatasuna ukatzen bazaio. Askatasuna kentzea zigorra da, tratu ankerra eta iraingarria, eta pertsonaren duintasunari zuzenean erasotzen dio».

Bestelako justizia eredu bat

Bestelako kartzela eredu baten alde egiteko, hainbat urrats egitea proposatu du Salhaketak manifestuan. Elkartearen ustez, espetxe eskumenaren helburu nagusienak izan beharko luke Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipukoa) eta Zaballako (Araba) kartzelak ixtea. «Espetxe eskumenak zentzua du egungo espetxeak ixteko plan estrategiko bati erantzuten badio». Haatik, diru publikoa Zubietako (Gipuzkoa) espetxe berriaren eraikuntzaninbertitzea kontrako norabidean doa, Manzanosen ustez.

Elkarteak uste du «bestelako justizia eredu bat» sustatu behar dela administrazioetatik: «Gaur egungo justizia zigortzaile, klasista, heteropatriarkal eta arrazistaren ordez, justizia errestauratibo, antipunitibo eta gizarte orientazioa duen eredu baten alde lan egin behar da», azaldu zuen elkarteko arduradunak.

Era berean, presoen osasuna erdigunean jartzearen aldekoa da Salhaketa. Espetxean diren lau presoetatik hiruk osasun fisiko edo mentaleko arazo larriak eta kronikoak dituzte, eta haien osasuna lehenesten duten neurriak behar direla uste du elkarteak. Bide horretan, ezinbestekotzat jo du egungo makrokartzela eta espetxe «zaharkituen» ordez tamaina txikiko gizarteratze zentro espezifikoak abian jartzea. Halaber, droga mendekotasunak edota buruko gaitzak dituzten presoak artatzeko programa espezializatuak eratzeko eskatu du, bai eta espetxez kanpoko ospitale unitateetan zerbitzu soziosanitarioak sortzeko ere .

Zigor arloan behatoki independente bat eratzea ere proposatu du elkarteak, unibertsitatearekin eta biktimen eskubideen aldeko elkarteekin elkarlanean. Nazioarteko gomendioak aintzat harturik eta hainbat herrialdeetako esperientzietan oinarriturik jarriko litzateke abian behatokia, eta helburuen artean izango luke, besteak beste, espetxeetako itxialdiak ordezkatzeko «politika sozial alternatiboak» ikertzea eta garatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.