Gaurtik hasi eta igandera bitarte, urte osoan joan-etorri gehien izango dituzten egunak izango dira Euskal Herrian. Izan ere, ohiko mugimenduak aldatuko dituzten bi osagai batu dira aurten: abuztuaren 15eko operazioa batetik, eta Ama Birjinaren Eguneko zubia bestetik. Hego Euskal Herrian, gaurtik hasita nabarituko da joan-etorrien areagotzea. Iparraldean, nagusiki, ostiraletik aurrera, Frantziako Gobernuaren arabera. Loiuko aireportuan (Bizkaia), 710 hegaldi izango dira datozen bost egunetan; gaur bertan bakarrik, 135.
Kostaldeko leku turistikoetarantz egingo dira irteera gehienak, baita herriko festak ospatzen dituzten eremuetara ere. Errepideari dagokionez, ondorengo hauek izango dira punturik gatazkatsuenak Hego Euskal Herrian: Armiñongo korapiloa (Araba), Gipuzkoa eta Lapurdi arteko Biriatuko muga eta Bizkaian A-8 errepidea, Kantabriako noranzkoan. Iparraldean, Lapurdiko errepideetan izango da trafikorik handiena, A63an, bereziki.
Euskalmeten aurreikuspenen arabera, Euskal Herrira datozenek ez dute eguzki askorik ikusiko, giro lainotua eta tenperatura freskoak espero baitira. Baliteke euria egitea kostaldean, nagusiki ipar-ekialdean.
Gomendioak
Gidatzeko asmoa dutenentzat, badira errepidean hainbeste denbora ez igarotzeko har daitezkeen neurriak. Komeni da, esaterako, trafiko gehien izango duten orduak saihestea. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak eman du horien berri: asteazkenean, 15:00etatik gauerdira; ostegunean, 08:00etatik 15:00etara; ostiralean, 18:00etatik 22:00etara; larunbatean, 09:00etatik 14:00etara; eta igandean, 17:00etatik gauerdira. Hegoaldeko trafikoaren egoera unean-unean kontsultatu daiteke DGTren sare sozialetan. Iparraldekoa, berriz, Frantziako Gobernuaren Bison Futé webgunean topatu daiteke.
Bidaiatzean adi egotea «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute trafiko erakundeek, eta ohiko gomendioak gogorarazi dituzte: besteak beste, gerrikoa jartzea, ibilgailua egoera onean dagoela baieztatzea, abiadura arauak errespetatzea, errepideko seinaleei kasu egitea eta bi orduan behin atseden hartzea.
Aurreikuspenaren arabera, aurtengo udan, denera, 40 milioi joan-etorri egingo dira Hego Euskal Herriko errepideetan.