Donostiako Aste Nagusia azken txanpan sartua dela hartu du Donostiako alkateak BERRIA. Eneko Goiak (Donostia, 1971) turismo zerga udalentzat izan dadila eskatu du, eta ziurtatu AHT abiadura handiko trenaren Ezkioko ibilbidea «berebizikoa» dela Gipuzkoarentzat.
Gipuzkoako Ogasunak esan du ikuskatzaileak dituela txosnetan Ticket Bai sistema errespetatzen ote den zaintzen. Txosnetan ere Ticket Bai ezarri behar da?
Legea betetzea denoi dagokigu; sistema derrigorrezkoa den heinean, aldundiari dagokio sistemaren ezarpena zaintzea.
Aste Nagusian ez da sexu erasoekin lotutako salaketarik egon, ezta?
Gaurdaino [atzo arte], ez. Festak ondo doaz; eguraldia ezin dugu jai egitarauan sartu, baina jai giro onak gainditzen ditu eguraldiaren trabak.
Aste Nagusiak jende andana biltzen du Donostian, eta, turismoak dakarrenari gehitzen zaio jende multzo hori. Turismo tasa Donostiako Udalaren eskuetatik at geratuko ote da, azkenerako?
Ez dakit zer proposamen egingo duten, baina Donostiako Udalaren ustea da, eta aho batezkoa da, zerga horren helburua dela turismoak eragiten dituen eragozpenei aurre egitea. Eta eragozpen horiek turismoa jasotzen duten hiri eta herrietan gertatzen dira ia erabat, eta udalaren erantzuna behar dute. Logika osoa izango luke diru sarrera hori hiriak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea bermatzeko baliatzeak.
Bilbo zerga horren aurka egon da; ez ote da berandu iritsiko?
Hobe zen lehenago alde egon balitz; ez zen hain zaila ikustea turismo tasa bazetorrela: ingurura begiratzea baino ez zegoen.
«Turismoak ez dauka gehiago hazteko tarte handirik Donostian; horren adierazgarri dira hartu ditugun neurriak»
Donostian aski zabaldua da turismoa neurriz gain ugaritu delako iritzia. Turismoak badauka tartea oraindik gehiago hazteko hirian?
Ez dago gehiago hazteko tarte handirik, eta horren adierazgarri dira hartu ditugun neurriak. Hirigintza da udal batek turismoa kudeatzeko dituen tresna garrantzitsuenetako bat, eta hori baliatu dugu Parte Zaharra mugatzeko; beste eremu batzuetan ere zaildu egin dugu etxebizitzetan turismo jarduerak garatzea. Epe laburrera behin betiko aldaketa egingo dugu, seguruenera, eta jasoko da hiriko eremu jakinetan jarduera hori ez egin ahal izatea. Beste eremu batzuetan, aukeraren bat utziko dugu, baina ez etxebizitzetarako orubeetan.
Loiolako kuartelen proiektua kolokan da, Kosta Legea dela eta. Zure kanpainako proiektu nabarmenetako bat izan zen. Eta hura ezin badaiteke egin, zer? Zein da alternatiba?
Uste dut aurrera aterako dela. Itsasertzeko Agintaritzaren txostena laster iritsiko dela espero dut, eta proiektua martxan jarriko dela. Baina badira beste zenbait proiektu etxebizitza arloan. Infernua hor dago, Illarra ere bai, hiri lorategiak... Martuteneko kartzela ere aurten da lekuz aldatzekoa, eta horrek ere aukera emango digu Txomiñeneko bigarren fasea hasteko. Eta Easoko geltokian sortuko den orube handian ere etxebizitza proiektu bat lantzen ari gara Jaurlaritzarekin.
PSOErekin adostu zen Loiolaren eskualdaketa; Itsasertzeko Agintaritza ere PSOEren esku da. Nork hartu behar du azken erabakia?
Neure buruari ere askotan galdetzen diot hori bera. Harremanak ez dira batere errazak izaten Madrilekin, eta harrigarria da akordio bat egin eta gero atal batekin eta bestearekin hitz egin behar izatea, eta... Hori gertatzen da gai honekin, baina baita Adifekin ere, adibidez. Estatuko administrazioaren funtzionamendua den bezalakoa da, eta praktikak esaten dit gaiak erabakitzen dituen administrazioa zenbat eta gertuago egon hobe dela guretzat.
Gipuzkoako EAJ sutsuki defendatzen ari da AHTaren Ezkioko ibilbidea. Nafarroaren isiltasuna salatu duzu; esan berri du ikerketen zain dagoela zer jarrera hartu erabakitzeko.
Horrek ez du balio: hori isilik egotea da. Oso garbi daukat, aintzat hartuta zer kokapen fisiko daukagun, guretzat berebizikoa dela Ezkioko ibilbidea, Iruñearekin lotura zuzena izatea, eta bide horretatik izatea Mediterraneoranzko irteera.
Zer du jokoan Gipuzkoak ekonomiari begira?
Garraiobide nagusi baten gune garrantzitsua izatea ala ez. Eta Nafarroaren jarrera aipatu dut, Nafarroak oraindik ere gehiago duelako jokoan guk baino. Euskal Herriaren egituraketarentzat ez da gauza bera Ezkiokoa aurrera ateratzea edo ez ateratzea, eta Jaurlaritzak ere garbi esan du hori bere helegiteetan. Hau ez da Donostiako alkatearen jarrera bat.
«Ikusi nahiko nuke Anduezak eta PSEk errespetatu egingo dutela Euskal Herriak bakean, libre eta demokratikoki erabakitzen duena»
Eusko Jaurlaritza Ezkioren alde dago zalantzarik gabe?
Bere garaian, bai; hala adierazi zuen.
Eta orain?
Bada, ez dakit.
Ezkioko ibilbidea egingo ez balitz, Nafarroako merkantziak, esaterako autoak, Gasteizera eramango lituzkete, eta handik errazago lukete Bilboko portura joatea Pasaiakora joatea baino, ezta?
Mapari begiratzea baino ez dago.
Esan duzu, Kataluniako finantzaketaren konpromisoa tarteko, balitekeela Espainiako Gobernuaren bideragarritasuna ezbaian egotea. Azalduko zenuke Kataluniako gertaerek nola eragin diezaioketen Euskal Herriari?
Kataluniako gertaerek bi ondorio nagusi utzi dizkigute. Puigdemonten agerraldiak, antzerki aldagaia alde batera utzita, erakusten du [Espainiako] estatuak zer-nolako ezintasuna duen akordio politiko bat azken muturreraino eramateko, baita lege bat onartu ondoren ere. Bestalde, Illa izendatzeak ekarri duen konpromisoa dago finantzaketaren alorrean. Itun horren inguruan ez dut ezer esateko; guk gurea defendatzen dugu, eta besteena errespetatu. Ongi iruditzen zait Kataluniak hori lortzeko aukera izatea, eta espero dut horrek eraginik ez izatea gugan. Kontua da Espainiako Gobernua babesten duten alderdiek ez dutela iritzi bera akordio horren inguruan, eta PSOEren barruan ere ez direla denak ados. Legealdi konplexu baten aurrean gaude, ez dago zalantzarik.
Estatutu berriaren legealdian gauden honetan, Eneko Andueza ikusi nahiko zenuke, Illaren bidetik, Euskal Herriari nazio aitortza egiten?
Aukeran, nahiago nuke zera ikusi, Anduezak eta PSEk errespetatu egingo dutela Euskal Herriak bakean, libre eta demokratikoki erabakitzen duena.