Aje gozoa bizitzen ari zen atzo Rafaela Romero, PSE-EEren Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua (Quintana de la Serena, Espainia, 1972). «Oso pozik» zegoen, «ez direlako pasatu». «Guztion lorpen bat izan da».
PSE-EEk bost aulki lortu ditu eta PSNk, bi. Espero al zenituzten emaitza horiek?
Espero genuen jendeak lagunduko zigula gehiengo aurrerakoiari, gorrotoaren koalizioa Espainiako Gobernuan sar ez zedin. Nik konfiantza nuen Euskadirengan, Nafarroarengan eta Euskal Herriarengan. Falta zitzaidan ikustea estatu mailan ea denok laguntzen ote genuen, eta hala izan da: irabazi duen Espainia gorrotoaren koalizioa gorrotatzen duena da.
Zein esanahi dute emaitzek?
Positiboa iruditzen zait Euskadiren ahotsa ezkerrekoa izatea, ezker konstituzionalista nahiz euskal ezkerraren parte bat indartu izana. Euskadiren ahotsa da aurreko legealdian eskubideak irabazi zituena.
Espainian, PP da lehen indarra.
Bai, baina aurreko hauteskundeetan ere esaten nuen, eta demokraziaren funtzionamenduaren berri dugun guztiok badakigu: gobernuak botoekin irabazten dira, noski, eta akordioekin ere irabazten dira. Argi dago PPk ez duela Espainia ezagutzen, ezagutzen duen Espainia duela mende batekoa dela. Lehengo eskuin bera da, aurkariari jazartzen dion hura, eta ez dute ikasten Espainian denekin gobernatzen dela, eta Espainia bere jendea dela, bere lurrak, bere identitate desberdinak, gaztelera ez diren beste hizkuntzak...
Espainiako Gobernuko presidente izateko, Pedro Sanchezek, besteak beste, EH Bildu eta EAJ behar ditu. Prest al zaudete beraiekin akordioak egiteko?
Merezi dugu eskubideak, askatasunak eta ongizatea bermatzea. Espero dut akordio horiek egitea, gobernu aurrerakoi bat egon dadin, politika berdina egiten jarraitu dezan. Orain, gainerako euskal alderdiek hitz egin behar dute—baten batek ja egin du—, eta esan beharko dute gehiengo aurrerakoi bat eraikitzen jarraitu nahi duten edo [Alberto Nuñez] Feijoori utziko dioten gobernatzeko esperantzaren bat.
Ba al dago aukerarik hauteskundeak errepikatzeko?
Ez dakit. Uste dut [PPk eta Voxek] eduki duten indarkeriazko tonua igo ez dezaten eta lasaitasuna eta segurtasuna emateko herritar guztiei, gorrotoaren koalizioarekin bat egiten ez duen gehiengoa ados jarri behar dugula, Pedro Sanchez izan dadin presidente; hori da lehentasuna eta ez beste hauteskunde batzuetara deitzea.
2024an beste hauteskunde batzuk egongo dira, Eusko Legebiltzarreko kideak aukeratzeko. Emaitza berak lortuko al dituzue?
Denok dakigu hauteskunde bakoitzak osagai desberdinak dituela, eta denetan egin behar da borroka. Uste dut PSE indartuta atera dela emaitza hauekin, eta euskal ezkerraren erreferente izanda. Indar horrekin saiatuko da Euskadiren ahotsa aldatzen Eusko Legebiltzarrean. Baina uste dut hori tokatzen denean tokatuko dela.
EH Bildu gero eta boto gehiago lortzen ari da; EAJ, aldiz,galtzen ari da. Ikusten al duzue aukerarik EH Bildurekin ituna egiteko?
Momentu bakoitzean lehentasun bat dago, eta uste dut denok orain beste helburu bat dugula: duela mende bateko Espainiara ez itzultzea. Ikusiko da etorkizunean. Zerbaitetarako egiten dira akordioak; eskubideak irabazi behar dira, eta jendeari lasaitasun handia eman behar zaio. Euskal ezkerrean akordioak egongo dira berriz ere, orain arte erakutsi dutelako eskubideez ari garenean ados jartzen direla.
Rafaela Romero. PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua
«Espero dut ados jartzea, gobernu aurrerakoi bat egon dadin»
Romero baikor mintzo da emaitzez. Uste du orain lehentasuna dela Pedro Sanchez hautatzea eta ez berriz bozetara deitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu