Inaxio Oiartzabal. Sareko bozeramailea

«Espero dugu euskal preso guztiak aurten Euskal Herriratzea»

«Lehen fasea» itxitzat emateko, Oiartzabalek beharrezkotzat du Espainian dauden euskal presoak Euskal Herrira ekartzea. Gizartea du gradu progresioak gertatzeko «berme»: «Aktibo egon behar dugu».

GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
«Ezin dugu pentsatu hau betiko konponduta dagoela, ze ez da horrela». Hala uste du Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak (Donostia, 1986), eta horregatik egin du larunbatean herri eta hirietan karrikara ateratzeko deia: «Une erabakigarrian gaude». Euskal presoen eskubideen aldeko urtarrileko mobilizazioen atarian elkartu da BERRIArekin, oraindik espetxean dauden ia 200 euskal presoen aurrerapausoez eta arriskuez ohartarazteko: «Eskatu behar dugu presoen egoerari konponbide integral bat emateko».

Espetxe politikan aldaketak sakondu dira 2021ean: hurbiltzeak, Euskal Herriratzeak... Lehen fasea itxitzat duzue?

Guretzat lehenengo fasea amaituko da denak Euskal Herrian egotean. Espero dugu hurrengo hilabeteetan gertatzea, eskuduntza Gasteizen egonda, eta bigarren faseko ibilbide bat hasita egonda, ja atea ireki eta oztopo horiei eutsi ahal izateko.

Posible ikusten duzue, beraz, euskal preso guztiak ekartzea?

Bai. Espero dugu tarteka gerturatzeak gertatzea, eta, jakinda 21 preso Frantzian daudela, beste guztiak Euskal Herriko kartzeletan egotea. Aukerak badaude.

Noizko izan daiteke?

Ez dakigu, baina espero dugu aurten izatea. Ez dakit udara aurretik-edo. 90 bat preso gelditzen dira Euskal Herriratzeko; beraz, hilabeterokotasun horretan jarraitzen baldin badute, hamar edo hamaika hilabetetan gerta daiteke. Espero dugu lehenago izatea; erreal ikusten dugu.

Arriskurik badago Espainiako Gobernua aldatuz gero presoak berriro urruntzeko?

Badago arlo ezberdinetan lobby indartsu bat, bai arlo juridikoan, bai politikoan, bai sozialean. Arlo juridikoak erakutsi digu, adibidez, erregresioa gerta daitekeela: Unai Fanoren kasuan ikusi genuen. Kezkaz ikusten dugu: gerta daiteke, Madrilen ultraeskuina gailentzen bada, oztopo eta atzera-bueltak egiten saiatzea. Halere, ematen ari diren pausoak izan daitezke horri eusteko bezain indartsuak, badagoelako gehiengo politiko eta instituzional bat: gizarteak eta instituzioek babesgune izan behar dute.

Lobby horren adibideetako bat da gradu progresioek Espainiako Auzitegi Nazionalean duten blokeoa. Nola dago kontua?

Arlo juridikoan gerta daiteke oso egoera arraroa: hemen gradu progresioei bide ematea eta Madrilek oztopatzea. Etengabeko jolas bat izan daiteke, oso arriskutsua, presoen egoeraren aterabidea etengabe oztopa dezakeena. Espero dugu hala ez izatea, ze, legeak esaten duenari jarraituz, bidea parez pare ireki behar litzaieke. Baina zailtasun handiak izango ditugu.

Nola desblokea daiteke?

Arduradunek legea betetzearen aldeko jarrera izan behar dute, eta gizartea izan behar da haien jarrerak geldituko dituena edo egiten utziko ez diena. Gu aktibo eta kalean mantentzen ez garen momentuan, haiei bide bat egiten utz diezaiekegu, eta presoen egoerari atzera-buelta handi bat ekar diezaioke. Jabetu behar gara zer gertatzen ari den, eta zer gertatzea nahi dugun. Bide hori haiekin batera egin behar dugu, eta etengabe izan behar gara horren berme.

Salbuespen legedia ere hor dago: 7/2003 Legea, Frantziako zigor urteak Espainian ez kontatzea... Zer aukera erreal dago horiek aldatzeko?

Horiek eskatzen dute konpromiso handiagoa eta lege edo praktika aldaketa bat: gehiengo politiko bat behar da horretarako, eta lanketa handi bat egin beharko da gehiengo hori lortzeko. Espero dugu bigarren fasean horri eutsi ahal izatea.

Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena lortu duenetik sumatu duzue aldaketarik?

Esan dituztenak positiboak dira, baina goiz da oraindik ikusteko praktikan zer egingo duten eta zer egiten utziko dieten. Oraingoz baimen edo hirugarren gradu batzuekin badabiltza, baina ikusteko dago. Aukera izugarria da honi konponbide integral bat emateko, eta espero dugu heldutasun eta konpromiso horrekin eutsiko diotela gaiari.

Koronabirusak luze dirau... Zer moduz kartzeletan?

Orain aurrez aurrekoak berriz eten dituzte, eta bisitetarako ere neurri berriak jarri dituzte: COVID ziurtagiriarena, adibidez. Oztopo eta arazo gehiago jartzen ari dira, eta denok bizi dugun egoera hau haiek are gogorrago bizi dute. Beharrezkoa da kalean exijitzea benetan konponbide integral bat behar duela presoen egoerak.

Bigarrenez ezinen dira milaka lagun elkartu Bilbon. Nola eragiten dizue horrek?

Garbi geneukan 80.000 pertsonako deialdi bat egitea leku eta ordu berean oso zaila zela, baina argi dugu ere ezin diogula mobilizatzeari utzi. Egoera dena dela, aktibatzen eta mobilizatzen jarraitu behar dugu: lehentasun gisa jarri behar dugu presoen aterabidea, eta, horretarako, denok kalean egon behar dugu.

Zer moduz dago presoen eskubideen aldeko mugimendua?

Saren urteetan landu nahi izan dugun kontsentsua inoiz baino zabalagoa da, eta iruditzen zaigu oso osasuntsu dagoela mugimendua, etengabe lanean dagoelako bai mobilizazioan, bai kontsentsuen bilaketan eta jende ezberdinarekin elkarlana bilatzen: hori da gure armarik handiena. Azken denboratan positibotasun bat ere egon da, ikusten delako bilatzen ditugun helburuen zati bat behintzat lortze bidean egon daitekeela. Egia da ere asko luzatzen ari dela lehenengo fasearen itxiera, eta horrek batzuetan frustrazioa ekartzen du, baina ikusten dugu egunerokotasunean jendeak badaukala lan egiteko eta aktibo mantentzeko gogo edo behar hori. Horrek esan nahi du askotan ematen duena baino lehentasunezkoagoa dela jendearentzat: espero dugu instituzio eta arduradun ezberdinek ere ardura horrekin begiratzea.

Mobilizazio batzuk debekatzen saiatu dira berriz: Arrasaten, Iruñean... Zergatik orain?

Arazo bat konpontzera doala ematen duenean, konpontzearen alde ez dauden norbanako eta taldeak gehiago aztoratzen dira. Konponbidearen alde dauden alderdi eta instituzio ezberdin guztiak saiatu behar gara joko horretan ez erortzen, eta, gure bidea zein den jakinda, horri ekiten; elkar ulertze eta enpatia ariketaren bidean elkarrekin jarraitzen.

EPPK-k ere salatu zuen auzi berriak irekitzen ari direla. Nola ikusten duzue hori?

Irekitzen diren auziak irekitzen direla, ezin dira salbuespen legeetan oinarritu. Aukera daukagu denon artean eraikitzekoa eta ez haustekoa: hor daukagu erronkarik handiena. Espero dugu denok etorkizun sanoago bat eraikitzea datozen belaunaldientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.