Esperantza eta ekintza garaia

Urriaren 6 eta 7an eginen dituzte Alternatiba Egunak Baionan, klima aldaketaz abisua emateko

Alternatibako laguntzaileak prestaketa lanean, atzo goizean, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
«Kriminala da». Hitz horiekin definitu du berotegi efektua Txetx Etxeberri Bizi mugimenduko koordinatzaileak urriaren 6 eta 7an Baionan antolatu dituzten Alternatiba egunen aurkezpenean. Duela bost urte Baionan lehen Alternatiben Herrixka egin zutenetik okerrera egin du klimaren egoerak. Hori da, Bizi mugimenduak ateratzen duen ondorio nagusia. Izan dira mobilizazioak, izan da COP 21 nazioarteko goi bilera... «Baina berotegi efektua hor dago oraindik». Testuinguru horretan antolatuko dituzte Alternatiba Egunak, oraindik «esperantza» badela aldarrikatzeko, baina «ekintza garaia» dela.

Egun horietan aurkeztuko du IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak Parisko COP21 goi bileran eskatu zitzaion txostena, aztertzen duena klimaren berotzea gehienez ere 1,5 graduko igoeran atxikitzeak herritarren bizimoduan nola eragingo lukeen. Bizi mugimenduaren arabera, «azken aukera» izanen da iritzi publikoa abisatzeko eta mobilizatzeko. Valerie Masson-Delmotte paleoklimatologo eta IPCCko talde zientifikoko lehendakariordeak zuzeneko konexioa eginen du Hego Koreatik urriaren 6an txostenaren ondorioak aurkezteko. «Txostena argitaratuko den momentuan, Baionatik 200 pertsona ezagunek, eta han izanen diren dozenaka mila herritarrek emango dute erantzuna, txosten horri buruz eta atxiki behar diren ondorioei buruz». Izen ezagunen zerrendan ageri dira, besteak beste, Mariama Diallo antropologo eta Alternatiba Dakarren bozeramailea —aurtengo Alternatibaren ugazama—, Cedric Herrou etorkinak etxean atxikitzeagatik atxilotua eta auzipetua izan den Frantziako laboraria, Jose Bove eurodiputatua, eta Genevieve Azam ekonomialaria eta ATTACeko kidea. Horiekin batera izanen dira Frantziako Gobernuko ministro ohiak, hainbat esparrutako politikariak eta hautetsiak, eragileetako ordezkariak eta artistak.

Urriaren 6rako eta 7rako egitarau oparoa prestatu dute. Aitzineko egunetan iritsiko da Alternatiba itzulia, Frantzia guzia zeharkatu ondoren, azken etapak Euskal Herriko herrietan eginik. 5.800 kilometro egin dituzte orotara, bost estatu zeharkatuta, eta 2.000 pertsona prestatu dituzte klimaren aldeko bortizkeriarik gabeko ekintzetara. Azken kilometroak Miarritzetik Baionara eginen dituzte urriaren 6an, Velorution (bizikleta iraultza) erraldoi batekin. Ondoren, Baiona Ttipian zehar antolatuko dituzten guneetan, hitzaldiak, tailerrak, merkatua eta beste gisako animazio andana izanen dira. Mitin alaia eginen dute 17:15ean Alda dezagun sistema, ez klima lelopean, eta kontzertuak izanen dira ondoren. Igandean, Esperantza eta ekintzaren garaia ekitaldia eginen dute adierazpen baten irakurkearekin, eta kontzertuek emanen diote bukaera egunari.

Mila laguntzaile

Alternatiba Egunen barruan, engaiamendurako deia eginen die herritarrei Bizi mugimenduak. Zazpi desafioko zerrenda proposatu du, horietarik gutxienez hiru betetzeko eskaerarekin. Besteak beste, honako hauek: EDF elektrizitate konpainia utzi, eta %100 energia berriztagarria banatuko duen Enargia enpresa sortu berrira pasatzea, eta euskal monetaren kide bilakatuz, ekonomiaren birtokiratzean parte hartzea. Deialdia ere egin diete herritarrei Alternatiba Egunen antolaketan parte hartzeko. Mila laguntzaileren beharra dute bi egunetarako;oraingoz 600 bat dituztela jakinarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.