«Duela 37 urte ginen puntu berean gaude; hots, inoiz botatzen utziko ez duten horma gotor baten aurrean». Gordin, Idoia Zabalzak halaxe deskribatu zuen atzo zer ekarri dion Mikel Zabalzaren sendiari Espainiako Barne Ministerioak Arturo Espejo Guardia Zibilaren teniente jeneral etaSostengu Agintaritzako buru izendatu izanak. Guardia zibil horrek erlazio zuzena du Zabalzaren kasuarekin, eta horregatik familiak salatu zuen Madrilgo gobernuak hura mailaz igo izanak «iraindu» egin dituela. «Estatuak saritu eta boterea eman dio, beste behin, torturaren praktikarekin estuki lotuta dagoen pertsona bati, alde batera utzita Nazio Batuen biktimekiko irizpideak: tortura nahiago izan du, egia etajustizia beharrean», kritikatu zuen atzo sendiak.
Orbaizetako Olan agerraldi berezia egin zuten atzo Aezkoako herritarrek eta hautetsiek, Mikel Zabalza Gogoan plataformak eta Nafarroako Torturatuen Sareak. Zabalzatarrei babesa adierazi zieten, eta Idoia Zabalzak gogora ekarri zuen 37 urtez egiaren bila egin behar izan duten bide luzean gizarteak beti emandako babesa izan dela haientzat aurrerantz jotzeko sostengua eta hauspoa.
Azken urteetan Hego Euskal Herriko bi gobernuek eta instituzioek torturaren biktimen aitortzarantz urrats aipagarriak egin dituzte. Nafarroako Parlamentuan adierazpen instituzionala sinatu zen Zabalza kasua sakon ikertzeko eta egia bilatzeko eskatuz. Iruñeko eta Donostiako udaletan ere antzeko mozioak onartu dira, eta, legeak babesturik, iazmotibazio politikoko biktima gisa aitortu zuen Zabalza Jaurlaritzak. Idoia Zabalzaren arabera, urrats horiekin bazirudien bide bat aktibatu zela inoiz «estatuak erantzukizuna aitortzeko eta bere gain hartzeko». Eztabaida politiko horretan «alderdi batzuei» torturaren praktikatik aldentzeko eta orria pasatzeko aukera irekitzen zitzaiela uste zuten.
Sendiaren irudiko, Espejo teniente jeneral izendatu izanak egindako guztia desegin du, biktimen duintasunaren kontrako erasoa delako. «Azken irain horrek begiak ireki dizkigu eta ameskeriak zapuztu dizkigu», salatu zuen irmo.
Txokarro: «Aski da»
Prentsaurrekoan hitz egiten lehena izan zen Jorge Txokarro, Nafarroako Torturatuen Sareko eleduna. Haren lehen hitzak deiadar ozen bat izan ziren: «Aski da». Nafarroan aurten segurtasun indarren biktimak aitortzeko prozedura abiatu da, eta tortura jasan duten pertsonei prozesu horretan parte hartzea galdegin die berriki Sareak. Atzo, baina, Txokarrok salatu zuen ez dela bateragarria eta etikoa biktimak aitortzen diren bitartean arduradunak saritzea. Elkarbizitzaren aldeko lan horretan funtsezko jotzen dute orain arte alboratuak izan diren biktimak aintzat hartzea, baina baita arduradun politikoak egoerak eskatzen duen mailan aritzea ere: «Barne Ministerioa irizpide horietatik kanpo dago. Ez da morala erreparatzea umiliatzen den bitartean», esan zuen Txokarrok, tinko. Gertakariok «babesgabezia eta nazka» eragiten dietela gaineratu zuen.
Eneko Villegas Mikel Zabalza Gogoan herri plataformako kidearentzat, «bereziki mingarria» izan da Espejo mailaz igo eta saritu izana, kontuan izanda nor izan den: «Bera izan zen gezurtatuta dagoen bertsio ofizialaren egilea, [Enrique Rodriguez] Galindorekin eta [Jorge] Argote abokatuarekin batera. Bera izan zen ere Zabalzaren galdeketen erantzulea». Villegasek oroitarazi zuen Espejo mailaz igo duten bi agintarien, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren eta Margarita Robles Defentsa ministroaren, ibilbideak «argi-ilunez zipriztinduta» daudela. Dena den, ez du ulertzen zeri erantzun dion erabaki horrek. «Zertara dator? Saritzeak egin ez balira zerbaiten beldur al ziren? Egiari al diote beldur?», galdetu zuen.
Aezkoako batzarreko buru Carlos Buenok eta Sergio Mujika Orbaizetako alkateak eskatu zioten Nafarroako Gobernuari horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak har ditzala. Mikel Zabalzaren torturaren auzian inplikatutako guztiak persona non grata izendatuko dituzte Aezkoako ibarrean.
Espejo saritu izanak «iraindu» egin dituela salatu du Zabalzaren sendiak
Torturatuen Sareak azaldu du ez dela etikoa biktimak aitortzea eta arduradunak mailaz igotzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu