Erabakitzeko eskubidea

Espazio publikoa mintzagai Gure Esku-ren bigarren solasaldian

Espazio publikoaren itxiera izeneko saioan aritu dira Mario Zubiaga eta Xabier Barandiaran.

2020ko apirilaren 28a
11:00
Entzun

Koronabirusak eragindako osasun krisiak jarduna egokitzera behartu ditu eragile gehienak, baita Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika ere. Egoera horretan, Gure Esku-k Gelditu. Hausnartu. Erabaki izeneko solasaldi digitalen ziklo bat jarri du martxan. «Bizi dugun osasun krisiak salbuespenezko egoera batera eraman gaitu; gure gizartearen indarguneak eta ahuleziak muturrera eraman eta azalera ekarri ditu. Hamaika auzi zeuden mahai gainean krisi honen aurretik ere, baina ezin uka egoera honetan gai askok eta askok esanahi berezia hartu dutela», nabarmendu dute.

Internet bidezko solasaldiotan, bi edo hiru hizlari elkarren artean ariko dira hizketan, ordu erdiz, eta dagokien gaiari buruz egiten duten egoeraren analisia eta euren ustez behar diren aldaketak eta hartu beharreko erabakiak partekatuko dituzte. Joan den astean, kultura izan zuten hizpide, Kultura: apustu egiteko garaiaizeneko saioan.

Gaur, berriz, Espazio publikoaren itxiera izeneko saioan aritu dira Mario Zubiaga Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasle eta Gure Esku-ko Zuzendaritza Kontseiluko kidea eta Xabier Barandiaran soziologo, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Gipuzkoako Foru Aldundiko estrategia arduraduna.

Datozen egunetan egingo dituzten gainerako solasaldiak hauek dira:

Gobernantza ereduaren krisia
Apirilaren 30ean —19:00— *Gaztelaniaz
Jaume Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea eta Zelai Nikolas legelari eta Gure Esku-ren Zuzendaritza Kontseiluko kidea.

Elikadura eta kontsumoa: teoriatik praktikara
Maiatzaren 5ean —19:00— *Euskaraz
Gotzone Sestorain Zabaleta baserritar eta Etxalde sindikatuko eta Leitzako kontsumo taldeko kidea, eta Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialari, EHUko ikertzaile eta irakasle, eta EH Kolektiboko eta OlatuKoop kooperatiba sareko kidea.

Sistemaren krisia
Maiatzaren 7an  —19:00etan— *Gaztelaniaz
Amaia Perez Orozco ekonomialari eta aktibista feminista eta Jule Goikoetxea filosofo politiko, ikertzaile, irakasle eta aktibista feminista.

Elkarrizketak zuzenean ikusi ahalko dira, baita gerora ere, Gure Esku-ren Youtubeko kanalean.

Horrekin batera, Gure Esku-k komunitatearen babesa beharrezkotzat jo du aurrera egiteko: «Aurretik ere bagenekien, baina orain ere agerian geratu da gutako bakoitzak besteen beharra duela, inor ez dela independente, eta autosufizientzian oinarritutako gizarte ereduek ez dietela erantzuten herritar guztion beharrei». Erantsi dute bazkideak direla Gure Esku-ren sostengu ekonomiko bakarra, eta kanpaina berezi bat martxan jartzeko asmoa agertu dute, «komunitatearen babesa indartzeko asmoz».

Kaleko mobilizazioak, udazkenera

Era berean, Hamaika Gara dinamikaren sustatzaileetako bat da Gure Esku, eta egitasmo horren barruan mobilizazioak antolatu zituzten maiatz-ekainetarako. Horiek udazkenera atzeratu dituzte, osasun krisiak behartuta, baina gogorarazi dute martxoaren 11n abiatutako sinadura bilketa zabalik dagoela oraindik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.