Espazio opakuak nola hautsi

Istanbulgo Protokoloak ekarri du pauso bat torturak aitortzeko: «Jada ezin dute esan gezurra denik». Epaileek berek aitortu dute Sandra Barrenetxearen testigantza «sinesgarria» dela, baina hori berresteko «elementu periferikorik» ez dagoela diote. Nola frogatu, ordea, kalabozo ilunetan gertatzen dena?

Torturaren aurkako manifestaziora deitzekoaurtengo otsailean egindako agerraldikoirudi bat; Donostiako Intxaurrondokokuartela da atzekoa. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2017ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Ebidentzien absentzia ez da absentziaren ebidentzia. Sarri erabiltzen da munduan esaldi hori tortura salaketei buruz hitz egiteko. Hau da, gertatu izanaren froga objektibo eta ikusgarririk ez egoteak ez duela esan nahi gertatu ez denik. Sandra Barrenetxearen tortura salaketen auzian, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak absolbitu egin ditu lau guardia zibil. Epaileek esan dute Barrenetxearen testigantza «sinesgarria» dela, aitortu dute ez dagoela frogarik faltsua dela esateko, baina salaketa berresteko «elementu periferikorik» ez dagoela arrazoitu dute absoluzioa emateko. «Noski. Hori ezinezkoa da tortura kasu batean, salaketa berresteko elementu periferiko bakarra delitua egindutenena delako», kritikatu du Jone Goirizelaia abokatuak.

Atxiloaldi inkomunikatuetan hasten da dena. «Atxilotua eta guardia zibilak, han ez dago beste inor. Ez dago inor zuk esaten duzuna baieztatzeko, dena da opakua», gogorarazi du Goirizelaiak. Abiapuntu horrekin, atxilotuaren testigantza da froga bakarra, bestelako tratu txarretan edo genero indarkeriako kasu batzuetan gertatzen den bezala. Olatz Barrenetxea psikologoak ezarri zion Istanbulgo Protokoloa Sandra Barrenetxeari: «Horrekin, guk ezin dugu esan 'honi hau gertatu zaio', han ez ginelako egon, baina esan dezakegu kontatzen duena egia dela, indar eta sendotasun handia duelako esaten duenak». Eta Sandra Barrenetxearenak badu.

Olatz Barrenetxeak eskatu zituen atxiloaldiko grabazioak, baina halakorik ez zegoela erantzun zioten; Fernando Grande Marlaska instrukzio epaileak erabaki zuen atxiloaldia ez grabatzea. «Arazoa ez da gurea», esan du psikologoak: «Nik baditut esaten ari naizenaren frogak. Haiek dira frogarik ez dutenak. Inpunitatearen dinamikan dabiltza oraindik, eta falta da alde hori: zelan frogatu dezakete gauzak ondo egiten direla eta ez dagoela tratu txarrik?».

Hala, psikologoak buelta eman dio frogaren kargari, fokua Espainiako Estatuko egituran jarrita: «Frogatu ezazue zuek salaketak faltsuak direla. Oso erraza da. Grabatuko bazenute atxiloaldi osoa, ikusiko genuke. Atxilotuen bermeak ez dira inoiz betetzen».

Ia inoiz ez da grabaziorik egin, ordea. Froga posible bakarra atxilotuaren testigantza da, beraz. Estatuaren abokatuak hala eskatu arren, epaileek ebatzi dute Sandra Barrenetxearena ez dela faltsua. Hori bada jauzi bat, psikologoaren hitzetan, Istanbulgo Protokoloari esker lortutakoa: «Jada ezin dute esan gezurra dela. Hori da autoak dioena. Eta ezin dute esan, nazioartean badakitelako zer den Istanbulgo Protokoloa. Zehazki, Sandrarena ere gainbegiratuta dago». Istanbulgo Protokoloaren araberako txostenak ondo eginda daudela berresteko, nazioarteko erakundera (IRPF) ere eraman zuen psikologoak Barrenetxearen txostena. «Primeran zegoela esan zidaten. Orain, epaileen autoa bidaliko diet: 'Begira, hau da erantzuna'».

Testigantza, froga bakarra

Espainiako Auzitegi Gorenak badu jurisprudentzia antzeko kasuetarako. «Froga bakarra biktimen testigantza denean, baldintza batzuk ezartzen ditu hura sinesgarria ote den jakiteko», azaldu du Goirizelaiak. Besteak beste, genero indarkeriako kasuetan erabiltzen dira irizpide horiek: salaketari denboran eustea, kontraesanik ez egotea, akusatuak «gorrotatzeko» aldez aurreko arrazoirik ez izatea...

Barrenetxearen kontakizunean «kontraesanak» aurkitu dituztela idatzi dute epaileek sententzian. Deigarria da, esaterako, Barrenetxeak Madrilerako bideaz kontatu zituenei emandako erantzuna. Besteak beste, ia osorik biluzi zutela salatu zuen atxilotuak, eta eraso sexistak egin zizkiotela. «Imajinaezina» da, epaileen esanetan, «[Guardia Zibilaren] autotik gertu egondako pertsonaren batek ez ikustea» auto barruan gertatzen ari zena: «Ohikoa da ibilgailu astunetako gidariek, autoen gaineko ikuspegi pribilegiatua dutenez, irrati bidez komunikatzea zerbait arraroa ikusi dutela. (...) Baita, bizi garen garaiotan, grabazioak egin eta horiek sarean jartzea ere».

Hori bakarrik ez. Epaileek nabarmendu dute Barrenetxeak kontatu zuela nola erantzi zuten bortizki auto barruan, baina ez nola jantzi zuten ondoren —guardia zibil bana zuen bi alboetan—: «[Arropak kentzeko] Maniobra edo manipulazio horiek ezinbestean eskatzen dute haren [Barrenetxearen] laguntza; bestela, oso konplikatuak lirateke».

«Guztiz onartezinak» dira halako argudioak, Goirizelaiarentzat. Uste du bestelako kasu batean eman balituzte balorazio horiek eskandalua eragingo luketela. «Erabakia aurrez hartuta egin dute sententzia. Aurrena guardia zibilak absolbitzeko erabakia hartu dute, eta gero erabaki dute nola eraman hori aurrera».

NBEren protokoloa, auzitan

Psikologo perituaren lanaren gainean ere zalantzak agertu dituzte epaileek: «Lau elkarrizketa egin zizkion, eta lehenengoan ari da osorik biktimak ustez jasandako gertaerei buruz». Atal ezberdinak ditu, izan ere, protokoloak: «Ez da bakarrik narrazioa. Lotu behar dira kontatzen ari dena, eta ateratzen zaizkion erantzun emozionalak, edo ateratzen ez zaizkionak, blokeoak ere badirelako trauma batean. Sandrarekin, lau orduko elkarrizketa bat egin nuen [torturen kontakizunaz], eta bitan moztu behar izan nuen, antsietate krisiak jo zuelako. Azkenean, bukatu genuen».

Gero, sintomen inguruko test batzuk ere egiten dizkiete torturatuei. Olatz Barrenetxea: «Sandraren kasuan, bat zetozen narrazioan ateratako sintomak eta gero testean ateratakoak».

Kartzelan egindako salaketarekin hasita, Sandra Barrenetxeak epaiketara bitarte eta epaiketan bertan emandako testigantzetan «kontraesanak» daudela esan dute epaileek, gertaeren ordena nahasten duela eta. «Oso azalpen argia du», esan du Olatz Barrenetxeak. «Trauma dagoenean, hori da seinale bat. Traumak ebaluatzeko, berdin du zer ordenatan kontatzen diren, pasatutako gogoratzea da inportantea».

Epaiketan, Istanbulgo Protokoloaren arabera ezarritako metodoarekin bezala, nahaste horren inguruko galderarik ere ez zioten egin psikologoari: «Badakite zer azalpen eman izan dudan horri buruz beste epaiketa batzuetan. Guardia Zibilaren abokatuak azaldu zuen hori. Orain, absoluzioa nola argudiatu duten ikusita, ohartu naiz gauza batzuk intentzioz hautatuta egin dituztela; gauza batzuk galdetu dizkiotela Sandraren psikologoari, eta beste batzuk niri. Eta beste asko ez dituztela galdetu. Hori egin dute halako argudioak behar zituztelako; bestela, ezinezkoa zatekeen salaketa hau atzera botatzea».

Inkomunikazio aldian, guardia zibilak edo poliziak kenduta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi medikuak soilik egoten dira atxilotuekin. «Oso esanguratsua da», epaileen hitzetan, «auzi medikuak epaiketan adierazi izana ez ziola inolako ebidentzia fisiko edo psikikorik antzeman Barrenetxeari». Haren txostenak ere Barrenetxearen «kontraesanak» nabarmentzeko baliatu dituzte. «Galdetzen dute nolatan ez nituen jaso txostenean auzi medikuak esaten dituenak», kritikatu du Olatz Barrenetxeak: «Sandrari protokoloa pasatu nionean, ez neuzkan txosten horiek. Beraz, ezin nuen gero narrazioa aldatu, hori manipulatzea litzateke eta».

Istanbulgo Protokoloak badu auzi medikuentzako gida bat ere: «Ez dute inoiz betetzen», salatu du psikologoak. «Atxilotuek esaten dietena idaztera mugatzen dira; askotan, hori ere ez. Esaten dute ez zuela jaten, lorik ez zuela egiten... Bigarren, hirugarren egunean, pertsona horrek ezin du 'normaltasun' itxura eduki».

Gerora jakin dute auzi mediku hori ikertzen ari dela Munduko Mediku Elkartea, «etika falta larriagatik». Alegia, txostenak gaizki egiteagatik, ustez torturak estaltzeko. «Hori izan liteke modu bat helegitea jartzeko», azaldu du Goirizelaiak: «Oraindik ez dakigu jarriko ote dugun».

Jaurlaritzak 4.000 kasuri baino gehiagori aitortu die sinesgarritasuna. Barrenetxea: «Auzi medikuak, epaileak... Mailaz maila goaz. Biribilgune bat dirudi honek, baina jarraitu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.