Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko bigarren aretoak atzo ebatzi zuen presoen argazkiak erakusteagatik «terrorismoaren gorazarre» egin zutela Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko eledunak eta Oihan Ataunek, Mikel Marinek, Irati Mujikak eta David Urdinek. 2009an Korrika Iruñetik igaro zenean, bost auzipetuek euskal presoen sakabanaketa salatzeko eta Euskal Herrira gerturatzeko aldarrikapenak egin zituzten. Baina, Auzitegi Nazionalak «terrorismoaren gorazarre» egin zutela «ziurtatutzat» eman du. Aurretik delitu bera egin duela egotzita, Esparzari urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio eta zortzi urteko erabateko inhabilitazioa; gainerako lau auzipetuei urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri die.
Esparzak Korrika hartako 404. kilometroa erosi zuen, eta hari egokitu zitzaion lekukoa eramatea. Atzetik, hainbat lagunek presoen argazkiak erakutsi zituzten. Epaiketan, auzipetuek adierazi zuten salbuespeneko espetxe politika eta presoen sakabanaketa salatu nahi izan zutela, eta presoekiko elkartasuna azaldu. Argazkiak eraman zituztenek ere azpimarratu zuten ez zekitela hori delitua zela, garai hartan ez zelako artean hasi presoen irudien aurkako kanpainarik.
Halere, epaimahaiak baztertu egin ditu argudioak. Adierazpen askatasunarekin talka egon daitekeela onartu du epaiak, baina adierazi du «terrorismoaren gorazarre delitua» gertatu dela. «Pertsona jakin bati publizitatea egiten zaionean ekitaldi publiko batean, ez da oharkabean pasatzeko, merituren bat azpimarratu edo goraipatzeko baizik». Epaiaren arabera, irudietako pertsonen meritua da ETArekin «erlazionatuta edo lotuta» egotea.
Eleak mugimenduak harrigarritzat jo du epaia, auzipetuek espetxe politikaren kontrako aldarrikapena egin zutelako eta garai hartan presoen irudien aurkako jazarpenik ere ez zegoelako. Haren ustez, epai horrek «duela hamar urtekoa» dirudi, eta egungo garai politikoaren aurka doa. Aralarrek uste du bake prozesuari jartzen zaion «beste oztopo ulertezin bat» dela epai hori.
Esparzari urte eta erdiko zigorra ezarri diote, presoen irudiak erakusteagatik
Auzitegi Nazionalak Urdin, Ataun, Marin eta Mujika auzipetuei urtebeteko espetxe zigorra ezarri die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu